Egibarrek dio Jaurlaritzaren egoera kezkagarria dela, ez hondamena

Urkulluk Jaurlaritzaren egoera ekonomikoari buruz esandakoak zuzendu egin ditu GBBko presidenteak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoari buruz esandakoak hautsak harrotu ditu. Jaurlaritzako ordezkariek alderdi interesengatik gezurretan eta arduragabekeriaz aritzea egotzi diote Urkulluri. Bere alderdikide batek, Gipuzku Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, Urkulluren hitzak zuzendu ditu Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Jaurlaritza ez dagoela inolaz «kiebra arriskuan» esan du. Hala ere, egia dela «egoera kezkagarrian» dagoela.

Urkulluk esandakoak justifikatzen ere saiatu da Egibar: EAJko buruak hedabideentzat prestatutako hitzaldian ez zela «adierazpide hori» jasotzen azaldu du, eta Jaurlaritza hondamenerako arriskuan dagoela kazetarien galderei erantzunez esan zuela. Ondorioz, «hasieran azaldutakoa eta gero tituluetan erakutsi dena» ez direla bat etorri argudiatu du.

Hala ere, Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa txarra dela esan du. «Zenbakiak argiak dira». Aurrekontuetan aurreikusi baino askoz zulo handiagoa egingo du Jaurlaritzak, Egibarren hitzetan, eta datu horiek laster geratuko dira agerian.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Egibarren azalpenek argi utzi dute Urkulluren «mezu alarmista eta arduragabea» gezurra zela. EAJko burua Eusko Jaurlaritzari kosta ahala kosta erasotzen tematuta dagoela iruditzen zaio Jaurlaritzari, eta hartu duen jokabidearekin «Euskadiren irudia zikintzen» ari dela.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Carlos Urkijo, «harritu» egin dute Urkulluren hitzek. «Analisian egin duen okerra» ez duela ulertzen adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.