'Egin dezagun bidea' ekimena ibiltzen hasi da, amnistiara begira

Konponbideak gatazkaren ondorioak gainditzea eskatzen duela eta, preso eta iheslariak etxeratzeko lana abiatu duteUrtarrileko manifestazioa antolatu zutenek urratsa «bide geldiezin» egiteko eskatu dute

Marifeli Etxeandia eta Egin dezagun bidea ekimenaren beste sustatzaileetako batzuk, atzo, Bilbon egin zuten aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 8an presoen eskubideen aldeko urratsa egiteko eskatu zutenek jauzi bat egin, eta bidea egiteko eskatu dute; bide osoa egitekoa. Euskal presoak eta iheslariak etxeratuko dituen txangoa, gaurtik egiten hastekoa. Amnistiara begira hasi dira oinez, Bilbon egindako ekitaldian. Presoen eskubideetatik haragoko arrazoiengatik egin nahi dute espetxe politika aldatzetik hasi, eta amnistia helmuga duen lana: presoei eta iheslariei amnistia emateak gatazka konpondu dela esan nahiko duelako; gatazka konponduko bada, beharrezkoa izango delako «gatazkak eragindako kalte eta ondorioak gainditzea».

«Gatazka egoteko arrazoiak preso eta iheslari politikoak egoteko arrazoi berak dira. Horregatik, arrazoi horien desagerpenak, bere ondorioen desagerpena ere ekarri behar du; besteak beste, presoak eta iheslariak etxeratzea, eta aurrerantzean gehiago ez izatea», laburbildu dute Iñaki Olasorok eta Marifeli Etxeandiak sustatzaileen izenean. «Amnistia eta konponbide demokratikoa txanpon beraren bi alde dira». Bidea luzea izango dela ohartarazi dute ekimeneko kideek. Pausoz pauso egin beharko dela, eta maila askotako urratsak eskatuko dituela. Ezer baino lehen, espetxe politika aldatzeko beharraz ohartarazi dute.

Berebiziko garrantzia eman diote urtarrilaren 8an hasitako urratsa «bide geldiezin» bilakatzeari. Herriz herri bilguneak sortu eta «mugimendu dinamikoa» osatzeko deia egin dute horregatik. Bilgune horien bidez hileroko azken ostirala «mobilizazio erraldoi iraunkorra» bihurtu behar litzakeela uste dute, eta presoak euskal herriratzeko ikurrez josi behar litzatekeela Euskal Herria.

Elkarlan esparruak

Euskal Herriko instituzioek, eragileek, alderdi politikoek eta sindikatuek bidea egiten lagundu behar luketela azaldu dute Olasorok eta Etxeandiak. Hortaz, «ekarpena» egin dezaten, elkarlan esparruak abiatuko dituztela iragarri dute.

Esparru horietan, eragileen konpromisoak jaso eta gauzatu nahi dituzte. Instituzioak presoen eskubideen aldeko esparru bihurtzea ere nahi dute. Eta presoen gaia «eztabaida politikoan» ezartzea. Prozesuarekin «konprometituta» daudenek «presoen kolektiboaren parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa» hartzea eta kolektiboaren «interlokuzio iraunkorra» martxan jartzea ere nahi dute. Horrez gain, nazioarteko pertsona eta eragileen «konplizitatea» bilatuko dutela eta elkarlanean sakonduko dutela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.