«Egindakoaren aitorpen publikoa» eskatu diete Estatuaren biktimek arduradun politikoei

Egiari Zor fundazioak Santiago Brouard eta Josu Muguruza gogoratu ditu, haiek hil zituzteneko urtemugan.

2023-11-20, Bilbo. Santi Brouard eta Josu Mugurizari omenaldia
Brouarden eta Muguruzaren senideak, Bilbon egindako ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko azaroaren 20a
17:10
Entzun

Egiari Zor fundazioak «egindakoaren aitorpen publikoa» eskatu die «estatuaren erakundeei, Poliziari eta erantzule politikoei», eta «horren ondoriozko erantzukizunak beren gain» har ditzatela galdegin: «Ez dugu horren inguruko gaitzespen orokorrik behar». Estatuaren indarkeriaren biktimek Santiago Brouard ezker abertzaleko buruzagi historikoaren hilketaren 39. urteurrenean egin dituzte adierazpen horiek, Josu Muguruza HBko parlamentaria hil zutenetik 34 urte bete direnean.

Ohi bezala, ekitaldi bikoitza egin dute Bilbon, Brouard eta Muguruzaren omenez, hil zituzteneko urteurrenean. Lehenbizi, lore eskaintza eta ekitaldi politikoa egin dituzte Ametzolako parkean, Brouarden omenezko oroitarriaren ondoan. Gero, parte hartzaileak oinez joan dira Errekalde auzoraino, eta han, Muguruza oroitzeko margolanaren azpian, bertso saioa, musika emanaldia eta ekitaldi politiko nagusia egin dituzte.

Santiago Brouarden alaba Edurne Brouard ekitaldian izan da, eta Josu Muguruzaren bikotekide ohi Elena Bartolome eta haren alaba Ane Muguruza ere bai, beste zenbait senide eta gertukorekin batera. Tasio Erkiziak, Jexuxmari Zalakainek, Iñaki O'Sheak eta ezker abertzaleko beste kide historiko ugarik ere parte hartu dute. EH Bilduren ordezkariak ere han izan dira: besteak beste, Unai Urruzuno legebiltzarkidea, Iker Casanova Bizkaiko batzarkidea eta Maria del Rio Bilboko zinegotzia egon dira ekitaldian.

Egiari Zor fundazioaren izenean Pilar Garaialde mintzatu da, Triple A erakundeak hildako Paulo Garaialderen alaba. Garaialdek «urrats bat egiteko» eskatu die «estatuaren estrategiari babes politikoa eta mediatikoa eman ziotenei, isiltasun ituna sinatu zutenei eta haien adostasunaz terrorismoa estatuaren beste tresna bat bihurtzeko modua eman zutenei».

«Tratu asimetrikoa»

Biktimei «tratu asimetrikoa» ematen zaiela salatu du Garaialdek, eta zenbait adibide eman, horren adierazgarri: esaterako, gogorarazi du Txabi Etxebarrieta eta Jon Urzelai «ustezko exekuzio estrajudizialen biktima» izan zirela, eta Bilboko alkate Juan Maria Aburtori eskatu dio beste kasu batzuetan erakutsitako «prestasun berberaz» jokatu dezala, eta abian jar ditzala «kasu horiek argitzeko dokumentazioa eskuratzeko mekanismoak».

Garaialdek ahotan hartu du ekainaren 26an Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimak aintzat hartzeko egindako ekitaldia ere. Esan duenez, ekitaldi hartako adierazpen instituzionalean biktimen eskaera eta aldarrikapen batzuk jaso zituzten estreinako aldiz, eta Egiari Zor elkarteak «positibotzat» eta «eskertzeko modukotzat» jo du hori. Hala ere, deitoratu dute ekitaldi hartan Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu ez izana, hara joateko beren-beregi eskatu zioten arren: «Erantzun zuen prozesu hau amaitzean agertuko dela. Noiz? Zazpi urte barru? Hamar urte barru?», galdetu du Garaialdek.

Biktimen ustez, Jaurlaritzak ere urratsak egin behar ditu «Ertzaintzak eragindako kaltearen aitorpenari dagokionez, eta gogorarazi dute ekainaren 26ko ekitaldian ofizialki onartutako 66 biktimetako baten kasuan Ertzaintzari egozten diotela eskubide urraketa.

Ekainaren 26a Estatuaren Biktimak Oroitzeko Eguna izendatzea nahi du Egiari Zor-ek, eta Garaialdek itxaropena agertu du, «laster» egun horri dagokion ekitaldia egin ahal izango dutelakoan Donostiako La Cumbre jauregian, «Estatuaren Biktimen Memoria Gune gisa eraldatu beharreko horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.