Egitarau «berezia» iragarri dute Gipuzkoa Zutik-eko kideek astebururako

Kalea «denena» dela ohartarazi dute, eta ez direla mugituko beren aldarriak «entzun arte». Ertzaintzak bi kide atxiki ditu ordu batzuetan

Plazaren sarrera batean jarri dute informazio gunea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Astebururako egitarau «berezia» iragarri dute Gipuzkoa Zutik mobilizazioko kideek. «Kristorena izango da; sekulako giroa sortuko dugu, eta denon beharra dugu: beraz, Euskal Herri osoko jendeari egiten diogu hona etortzeko gonbita», azaldu zuten prentsaurrean atzo. Gaur, esaterako, ohikoaz gain, beste batzar bat egingo dute hainbat haurrek eta gurasok, 17:00etan. Bosgarren eguna zuten atzo Donostiako Gipuzkoa plazan, eta tentsio giroan hasi zuten eguna.

Izan ere, Ertzaintza bertaratu eta identifikatzeko eskatu zieten, eta, partaideen ezezkoak jasota, horietako bi atxiki zituzten. Zalantza sortu zen atxilotuak edo atxikiak izan ote ziren, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, identifikatzeko eraman zituzten; hiru orduren buruan, aske utzi zituzten. Epaiketa azkarra egingo diete.

Igandeaz geroztik daude dozenaka lagun Gipuzkoa plazan, erraustegiaren eta eredu politiko-ekonomikoaren aurka protestan. Lehenengo egunean erabaki zuten, gertatzen zena gertatuta ere, egunero egingo zituztela batzarrak, 19:00etan. Eta, oraingoz, eutsi diote erabakiari. Atzoko identifikazio ahaleginei buruz, mobilizazioko kideek salatu zuten «indarkeria erabiliz» eraman zituztela bi lagunak. Dena den, aurreko egunetan ere salatu izan dute identifikatzera behartu dituztela.

Batez ere, herenegun eta atzo bizi zituzten unerik kritikoenak. Herenegun, goizean, kanpaldia hutsarazteaz gain, arratsaldean, itzuleran, Ertzaintza bidea oztopatzen ahalegindu zelako. Partaideek ohartarazi dutenez, ez dute alde egiteko asmorik: «Kalea denona da, ez da ez aldundiarena, ez udalarena ere: gure aldarrikapenak entzun arte ez gara mugituko».

Hutsarazteek ez ditu kezkatzen kanpaldiko kideak: «Bizitzaren mugimendua da gurea, eta bizitza ezin da inondik ere bota». Prentsaurrean, halaber, Zubietan egin nahi duten erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa esku pribatuetan utzi izana kritikatu dute, eta ohartarazi herritarren osasuna ez dagoela «salgai». Hala, errausketaren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak: «Denon esku dago proiektu hiltzaile hau gelditzea».

Egitarauarekin aurrera

Azken bi egunetako istiluak albo batera utzita, aurreikusitako egitarauarekin eta dinamikaren martxarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuten atzo kanpaldiko kideek, beste behin ere. Mobilizaziorako deia egin zuten arratsalderako, goizeko atxikitzeak salatzeko, eta jendetza batu zitzaien.

Gipuzkoa plazatik abiatu ziren hiriaren erdialdera, gutxi gorabehera, Artzain Onaren katedral ingurura arte, eta, itzuleran, eguneroko batzarra egin zuten, Ertzaintzaren zaintzapean. Aurretik, Igor Meltxorrek hitzaldia eskaini zuen AHTaz manifestazioaren aurretik. Batzarraren ostean, pintxo pote girotua egin zuten, musikari eta bertsolariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.