"Kalea berreskuratu" nahi dute AHT Ez - Trenaren Aldeko Ekinbidea plataformako kideek, Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren nafar korridoreko lanei eman nahi dien bultzadaren aurrean. "Inposizio honen aurrean, hainbat gizarte taldek, sindikatuk eta alderdi politikok erabaki dugu ahaleginak batzea prozesu hau geldiarazten saiatzeko, eta benetako eztabaida soziala sustatzeko", azaldu du Andoni Markes kideak, plataforma berriaren izenean.
Abiadura handiko trenaren proiektua arbuiatzeko "arrazoi ugari" daudela nabarmendu du Markesek: "Batetik, lurrean duen eragin ikaragarria; bestetik, kostu ekonomiko itzela eta etenik gabeko diru laguntza publikoak, korridore honek ez baitu bidaiari kopuru nahikorik izanen, kostuak berdintzeko; azkenik, zalantzazkoa da salgaiak garraiatzeko garaian izanen duen erabilgarritasuna ere".
Horregatik, "kalte gutxiago eragin eta merkeagoak diren alternatibak" proposatu dituzte, AHTaren ordez: "Gaur egungo trenbidea ez da aspalditik berritu. Hala ere, egungo errealitatera egokitzea posiblea da beharrezkoa den tokietan trenbidea bikoiztuta, hirugarren erraila ezarrita edota maiztasuna nahiz geldialdiak hobetuta".
Espainiako Sustapen Ministerioa, baina, hasia da korridoreko zati berriak lizitatzeko lanean, "biztanleen beharrak eta iritzia aintzat hartu gabe". Horregatik protesta egiteko, mobilizazioa antolatu dute heldu den azaroaren 11rako. Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan.