Atzo arratsaldean, kazkabar ekaitzak gogor jo zuen Arabako eta Nafarroako zenbait eskualdetan. Azken orduotan eguraldiak hobera egin du, eta egoera normaltzen ari da, baina ekaitzak kalteak eragin ditu, batez ere Erriberriko merindadean, Nafarroan.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek alerta laranja ezarria zuten, eta EAEkoek, berriz, abisu horia, ekaitzak eta eurite handiak espero zituztelako, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Nafarroan, metro koadroko 61 litro egin zituen Etxaurin, 54 Mendigorrian eta 50 Puiun. Ondorioz, zenbait errepide moztu behar izan zituzten Tafalla inguruan; bereziki, Puiutik Tafallara doan N-121 errepidea. «Euriteak eta kazkabarrak bat egin zuten, eta dena zuri gelditu zen oso denbora laburrean», azaldu du Puiuko El Maño jatetxeko Jesus Rabal Perezek. «Tafallako sarbidea moztu behar izan zuten, saltoki handiak dauden tokia urez gainezka baitzegoen, eta autoak geldituta egon ziren. Haietako batzuk jatetxeko aparkalekura sartu ziren, atertu arte itxarotera».
Inguruko bideak lokaztuta geratu ziren, eta nekazariak lanean aritu dira, traktoreekin harriak eta lokatza bideetatik kentzen. Gari eta garagar soroetan ere kalteak egon dira. Etxebizitzetan, berriz, ez da aparteko kalterik izan, haietako zenbaitetan ura sartu zen arren: «Jatetxean behintzat ez dugu kalterik eduki», esan du Rabalek. «Oraingoa ez da 2019ko uholdeak bezain larria izan, baina gauzak zer itxura hartzen ari ziren ikusita, kezkatuta geunden».
Altsasu eta Iruñea lotzen dituen trenbidea ere moztuta egon zen tarte batez Etxarri Aranatzen, baina laster berrezarri zuten zerbitzua.
Azken egunetako euriteen ondorioz, Nafarroako urtegiak %95 beterik daude, eta Itoizkoa eta Esakoa, berriz, ia guztiz beteta. Aurreko egunetan, ura modu kontrolatuan ateratzen aritu dira bi urtegi horietan, eta gaur ere horretan jardungo dira.
Araban ere bai
Arabako zenbait herritan ere nabaritu dituzte ekaitzaren ondorioak, kalteak hain larriak izan ez badira ere. Gertaerarik larriena Dulantzin izan zen: ekaitza gogorren jotzen ari zenean, haur eskolako teilatua hondatu zen, eta suhiltzaileek hara joan behar izan zuten, barruan zeuden 50 umeak atera eta beste eraikin batera eramateko. Asparreneko Araian eta Ilarduian ere eurite handia izan zen. Gasteizen, berriz, urak gainezka egin zuen zenbait kaletan.
Gipuzkoan, ekaitza ez zen hain handia izan, baina Arantzazun errepidea moztuta egon da tarte batez.