«Pertsona gisa hartu». Hain soil ematen duena, eta sarri hain konplikatua dena. Ariketa hori egiten du ia egunero Txus Manterolak Negu-Etxera iristen diren etxerik gabekoekin.
Nola funtzionatzen du Negu-Etxek?
Azaroaren 15ean ireki genuen, eta martxoaren erdialdera itxiko dugu. Hemen daudenek egunero etorri behar dute; gauean, 21:00etan sar daitezke, eta, hurrengo goizean, 09:00etarako eraikina utzi egin behar dute. Gauean, 23:00etatik aurrera atseden hartu behar dute. 07:45 aldera esnatzen ditugu. Garbitu, gosaldu eta joan egiten dira.
Baina, gero, egun osoa kalean egin behar dute?
Kalean daude egun osoan, bai.
Beraz, lau hilabetez egoten da irekita, neguan. Eta neguan ere, egunez itxita.
Eraikin hau eskoletako taldeek hartzen dute uda pasatzeko. Saiatzen ari gara bultzatzen urte osorako ireki ahal izateko. Neguan oso ondo dago, lehen ez genuen ezer, eta orain behintzat hau daukagu. Baina urte osoan jende asko dago kalean. Negu-Etxe ez da bakarrik lotarako: garbigailua daukate, lehorgailua, kontsigna daukate euren gauzak uzteko, dutxa daukate... pertsona sentitzen laguntzen die horrek denak. Hemendik, txukun eta duin atera daiteke jendea.
Nola egiten da harrera?
Asteartero egiten dugu. Caritasek egoitza bat dauka Zarautzen, eta astean hainbat egunetan egoten gara han. Jendea eskera etortzen zaigu, badakigu kalean daudela... udan kalean daude. Janaria-eta emateaz gain, bestelako zerbitzu batzuk ere ematen ditugu: arropa garbitzeko zerbitzua daukagu esaterako, eta arropa bertan garbitu eta lehor dezakete. Beraiekin hitz egiten saiatzen gara, nondik datozen, nola dauden... eta ikusten badugu kalean daudela, proposatzen diegu lotarako lekua. Baina hemen arau batzuk daude, hau ez da hotel bat.
Nola erabakitzen duzue nori esan?
Portaeraren eta egoeraren arabera. Inguruan ibiltzen badira, leku finko bat eskaintzen diegu. Finko geratzen direnek hau beraien etxetzat har dezaten saiatzen gara. Hau zaindu, garbitu... hau denena dela ulertarazten. Sei lagun finko ditugu negu osorako lekua dutenak, eta beste bederatzi leku egun osoan betez joaten dira. Horiek, gehienez, hiru egunez gera daitezke. Gero, joan egin behar dute, eta, zazpi egun igaro ostean, beste hiru egunetarako etor daitezke.
Eta hori?
Horren asmoa da jende gehiagori aukera ematea, jende asko baitago kalean. Hau, halere, ez da egunero betetzen, eta jendea normalean jator egoten da. Mozkor-mozkor eginda badaude, edo oldarkor jartzen badira, jendearekin sartzen badira... kaleratu egiten ditugu, batzuetan udaltzainei laguntza eskatuta. Baina hori oso gutxitan gertatu izan zaigu. Iaz bi edo hiru bider baino ez.
Ze jende mota iristen da?
Denetarik. Beti dago zergati bat. Krisia baino askoz ere gehiago da. Sozialki bakarrik geratu den jendea da. Arazoak familiarekin, drogekin, alkoholarekin... beste batzuk etorkinak dira. Ez dute seniderik, lagunarterik... Gehienetan gizonezkoak, 35-55 urte artekoak. Asko hemengo jendea, ez etorkina. Kasu askotan, gizon bananduak dira, ez dute dirurik familiari emateko, ez dute lanik...
Zer eskaintzen zaie?
Pertsona gisa tratatzen ditugu. Boluntarioak daude, beraiekin hitz egiten dugu, pertsona gisa sentiarazten ditugu, eta ez kale bazterreko ikusezinen gisan. Astero hitz egiten dut finko daudenekin. Saiatzen naiz irtenbideren bat bilatzen beraien egoera aldatzeko. Hau martxoan amaitzen da, gero kalean segi ez dezaten ahalegintzen gara baliabideak ematen. Oso gutxitan lortzen da egoerak bideratzea, baina lortzen denean asko asetzen gaitu.
Txus Manterola. Negu-Etxeko arduraduna
«Egoerak bideratzea lortzen denean, asko asetzen gaitu»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu