Ekainaren 30ean zaldi gainean sartzen da Maite Bergara Irungo alarde parekideko jenerala (Irun, 1971) San Joan plazara. Egun horren atarian, plaza horretan egin dizkiote argazkiak: «Orain ez dago inor, baina leku garrantzitsua da hau niretzat». Orain bi urte egin zion lehenbizikoz harrera alkateak —orduan Jose Antonio Santano zen— alarde parekideari, eta, iaz alkatetzan aldaketa egon bazen ere, Cristina Labordak Santanoren bidea hartu zuen.
Keinu hori «sinbolikoa» dela adierazi du Bergarak, eta beren helburua bertzelakoa dela: «Alardea udalak antolatu dezala, lehen bezala». Izan ere, 1990eko hamarraldian emaztekiek desfilean ateratzeko eskatu zuten, baina kontrako erantzuna jaso, eta jaia «pribatizatzea» ebatzi zen emakumeei ateak ixteko. Alarde parekidearen aldarriak, baina, sendo dirau oraindik hirian, eta desfile mistoa antolatzen duten gizon eta emakumeek berriz eskatu diote udalari alardea antolatzen hasteko.
Alardea ate joka den honetan, herrian normaltasuna nagusi dela erraten duenik badago. Zuek ere hala sentitzen duzue?
Herria, eta oro har gizartea, hautsita dago. Errua ez da alde batena edo bestearena, errua hau gertatzea utzi duten politikariena da. Bidaso inguruan, ekainean eta irailean, lotsagabeki urratzen dira emakumeon eskubideak. Non gelditu da Berdintasun Legea? Nola da posible maila igualean jartzea araudia betetzen duen alardea eta betetzen ez duena? Hori ez da normaltasuna.
Halere, ikusten dugu jende askoren babesa dugula: kuadrilla osoak etortzen dira, neska eta mutil, eta jende nagusiagoa ere bai. Egia da hau guztia oraindik ordaindu egiten dela, baina gero eta gutxiago; izan ere, gero eta ohikoagoa da familia guztietan gutako bat egotea. Jendea konturatzen ari da ez garela esaten zuten munstro haiek, alarde oso polita egiten dugula, eta ondo pasatzen dugula.
Bertze behin, Alarde Parekidearen Juntak Udalari eskatu dio bestaren ardura bere gain har dezala. Erantzunik jaso duzue?
Ezetz erantzun digute. Aurreko urteetan erantzunik ere ez genuen izaten, baina aurten eta iaz erantzun bat bederen badugu. Alkateari erabaki horren zergatiaz galdetu nion, eta erantzun zidan bozeramaileen batzorde batean erabakitzen dutela hori, eta alderdi gehienek ezetz esan zutela. Baina ez da ezer berria: azken 30 urteotan erantzuna beti izan da ezetz, besterik gabe.
Argi dago egoerak hobera egin duela, baina ez dago konponduta. Bi egunez lan ikaragarria egin behar izaten da bi alardeak egin ahal izateko, sekulako muntaketa dago. Non gelditu da herriak behar duenean pentsatzea?
Alkatea aldatu zen iaz Irunen: Jose Antonio Santanok (PSE-EE) iaz utzi zuen kargua, eta Cristina Laborda alderdikideak hartu zuen. Aldaketarik nabaritu duzue?
Santano egiten ari zenarekin jarraitu du: ikaragarria iruditu zitzaien guri harrera egitea, baina lotsagarria zen kontrakoa egitea. Sinbolikoki indartsua den arren, oso erabaki sinbolikoa da. Bost minutu dira, eta korrika joaten dira beste alardera. Gure helburua ez baita alkateak harrera egitea: gure helburua da udalak herritar guztientzako alarde bat antolatu dezala; baina ez dira ausartzen.
Beraz, ezinbertzekoa zaizue hori konponbiderako?
Bide bakarra dago: denontzat izango den alarde bat. Tokiko gobernutik harago, akordio politiko zabalago bat egon behar da, herritarren eskubideak defendatuko dituena. Iritsi da garaia zerbait egiteko, eta gu prest gaude edozertan laguntzeko.
Desfile parekidea hazi eta hazi ari da. Indartsu dator aurtengoa?
Urtero-urtero hazten da gure alardea, eta aurten konpainia bat gehiago dugu: Meaka. Halere, horrek ez du esan nahi pertsona gehiago egongo denik, gu batetik bestera mugitu ohi baikara. Modu oso informalean iritsi zait aurten jende berria etorriko dela, baina ez dugu kopuru zehatzik: neska gazteak izan ohi dira berriak beti, eta oso indartsu datoz. Atzo ekaitzaren azpian egin zuten entsegua, eta zoragarria da hori ikustea.
Neska gazteak iristen ari direla diozu, baina aipatu duzu inoiz zuekin ateratzeko pausoa ez dutela ematen beldurragatik. Zuek erreferente gisa izateak lagundu die?
Ni irakaslea naiz, eta gutxi dira gure alardean ateratzen direla esatera ausartzen direnak; eta esaten badute, gehienetan gauzak entzun behar izaten dituzte. Mutilek oso argi dute zer egin behar duten, etxetik babes handia jasotzen baitute, baina neskek ez. 16 urte dituztenean, neska gutxi ausartzen dira gure alardean ateratzera, baina 28-30 dituztenean topo egiten dut haiekin. Erreferentziak izate horrek laguntzen dute.
Guk ez dugu horrelakorik izan; txikia nintzenean, ez nuen pentsatu ere egiten jeneral bezala ateratzen ahal nintzenik: ez zegoen aukera hori. Oraingo gazteek badute erreferentzia hori, eta ezinbestekoa iruditzen zait haiek non atera nahi duten erabaki ahal izatea.