BERRIA Taldeak egoera ekonomiko zaila izan arren, aurrera egiteko gogoz eta indarrez dago Joxean Lizarribar, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko burua. «Egoera ez da berehalakoan konponduko, baina horretan gaude». Hartu dituzten neurriak defendatu eta arrazoitu ditu.
Marka eta irudi berriarekin zatozte aurten. Urrats garrantzitsua, ezta?
Bai, behintzat beste urrats bat. 2003an taldeari EKT izena jarri genion, eta gero hor barruan enpresa diferenteak zeuden. Izenekin jendea nahastu egiten zen, eta sakabanaketa eta nahasketa hori ezabatu nahian, pentsatu genuen interesgarria litzatekeela taldea ezagutzeko marka bat sortzea. BERRIA izena jarri diogu.
Beste hedabide askorentzat bezala, urte zaila izan da hau BERRIA Taldearentzat.
Bai. Publizitatearen jaitsiera krisiak ekarri digun ondorio larrienetakoa da. Azken bi urteetan 1.400.000 euro gutxiago fakturatu ditugu. Hori komunikazio enpresa batentzat, eta gurearentzat are gehiago, ez da txantxetako zerbait. Zalantzarik gabe, ez da berehalakoan konponduko dugun zerbait. Konplikatua da, gogorra. Baina horretan gaude.
Egoera horri aurre egiteko hainbat neurri hartu zenituzten iaz. Etorkizunari begira zein asmo dituzue horretan jarraitzeko?
Egoera horri buelta nola emango diogun esatea ez da erraza. Baina argi dugu konpontzea posible dela. Inoiz baino indartsuago ari gara horretarako lanean. Dugun arazoa da belaunaldi berriak ez dutela paperera jotzen. Gehienbat sarera doaz. Krisia, beraz, ez da koiunturala, estrukturala baizik. Egoera horretara egokitzekoproduktu berriak sortzen ari gara: ikus-entzunezkoak, sare sozialak… Harrera oso ona izaten ari da. Baina bideragarritasun ekonomikoa bilatu behar diegu, eta horretarako ez dugu erantzunik. Dena den, ziurrenik horrekin ez da nahikoa izango. Horregatik ari gara negozioa dibertsifikatzeko lanean.
Horri lotuta dago talde barruko zerbitzuak merkaturatzeko egin duzuen apustua?
Oso zaila izango da hedabideak beren kabuz errentagarriak izatea. Beraz, beste zerbitzu batzuk eskaintzen hasi beharko dugu, hedabidea bera errentagarri egiteko eta lanpostuei eusteko. Hala, EKT abian jarri zenean sortu genituen enpresek eskainitako zerbitzuak kanpora begira merkaturatzen hasi ginen orain dela denbora bat. Baina krisiaren ondorioz uste baino motelago doa hori ere. Dena den, bidea hori dela uste dugu, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu.
Zailtasunak zailtasun, tinko eusten diozue euskarazko hedabideak sortzeko konpromisoari.
Gure eginbeharrekoa da hori. Horretarako behar diren baliabide guztiak jarri behar ditugu, nahiz eta bidean galera kontrolatuak izan. Horretan ez dugu pauso bakar bat ere atzera emango. Izan ere, oso argi dugu euskarazko komunikabideek badutela arrakasta.
Sektoretik ere konpromiso eskari argia egin diezue administrazioei. Nola baloratzen duzue hori?
Oso pauso garrantzitsua izan da.Egoera hobetu nahi badugu, elkarlana da bidea. Horrek indarra eta itxaropena ematen digu. Erakundeak ezinbestean inplikatu behar ditugu, sektorea estrategikoa baita. Erakundeen aitzakia da diru falta dagoela. Baina krisiaren aurretik ere hori zen. Hori ez da erantzuna. Argitu behar dutena da estrategikotzat hartzen dituzten euskarazko hedabideak; euskara, azken batean. Ikuspegi ekonomikoa ere kontuan hartu behar da. Izan ere, euskarazko hedabideek 600 lanpostutik gora sortzen dituzte. 600 langileko edozein fabrika zailtasunetan egongo balitz, segituan neurriak hartuko lituzkete. Baina gurea ez dute sekula serio hartu.
BERRIA Taldearen akziodunen batzarra. Joxean Lizarribar. BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria
«Egoerari buelta emateko inoiz baino indartsuago ari gara lanean»
Hedabideak errentagarriak izatea zail ikusten du Joxean Lizarribarrek. Hala, negozioa dibertsifikatzea premiazkoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu