Julen Ibarrola. Auzitegi Nazionalak zigortutako gaztea

«Egun hauetan preso sentitzen naiz jada, barruan egongo banintz bezala»

gotzon hermosilla
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Azken orduko ezusterik ezean, bihar kartzelara sartu beharko du Julen Ibarrola gazteak (Amurrio, Araba, 1993), Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri dion urtebeteko zigorra betetzera. Egun gazi-gozoak izan dira aste honetakoak Ibarrolarentzat; hunkituta dago jasotako elkartasun adierazpenen guztiengatik, baina ezin du burutik uxatu gainean duen mehatxua, BERRIAri adierazi dionez.

Zer-nolako aldartearekin egiten ari zatzaizkio aurre espetxeratzeko aginduari?

Egia esan, hamar egun hauetan preso sentitzen naiz jada, barruan egongo banintz bezala. Burua ez daukat hemen, hurrengo fasean baizik, espetxekoan, alegia. Baina oso indartsu sentitzen naiz: izugarrizko elkartasun uholde batek nire herriko eta eskualdeko kaleak hartu ditu, eta Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko animo mezuak ere heldu zaizkit. Nabaritzen da haserre eta amorru giroa, eta horrek egindako lanean berresten laguntzen dit. Espetxean egonda ere, egin dezakedan lana egiten jarraituko dut, zalantzarik gabe.

Nolakoa izan da zure kontrako prozesua?

2011n, herriko gazteok [Amurrioko] Udalak hutsik zeukan eraikin bat okupatu genuen; gune autogestionatu eta gazte bat behar genuen. Ertzaintza hara agertu eta ordubetera hustu eta auzibideak abian jarri zituzten. Zortzi gazte kondenatu gintuzten, eta nabarmentzekoa da eraikin hori hutsik dagoela oraindik ere. Horren ondoren, herriko beste gazte batekin Auzitegi Nazionalean egon nintzen pintaketa batzuk egiteagatik, eta poliziek aurkeztutako froga bakarra izan zen polizia etxe horretan ezagunak ginela, argi eta garbi gu izan behar ginela. Absolbitu egin gintuzten.

Duela hiru urte errotuladorez egindako marrazki batengatik kondenatu ninduten, gezurra badirudi ere, okupazioaren harira izandako aurrekariak aitzakiatzat hartuta.

Zer pentsatu zenuen urtebeteko espetxe zigorraren berri izan zenuenean?

Herrian gazte mugimenduan egindako lana zigortu nahi dutela ni kartzelara bidaliz. Ez dira konturatzen nire ahotsa isilarazi nahian herri oso bat oihuka jartzen dutela.

Politikoki, zer irizten diezu zure kontrako prozesuari eta zigorrari?

Argi eta garbi, mendekua da. Gure herrian konponbide prozesu batean aurrera goaz, eta Espainiako Estatua boikot aktiboa ari da egiten. Euskal Herria beste garai batzuetara bueltatu nahi dute ahoa bakez eta demokraziaz betetzen zaien berberek.

Espainian jarraitzen dugun bitartean, horrelako zapalkuntza eta erasoak egunero egongo dira. Horregatik da hain garrantzitsua, errepresioa ere badela kausa, prozesu independentista bat abian jarri eta bururaino eramatea, eta Espainiatik ospa egitea lehenbailehen. Gazteok lehen lerrora pasatu behar dugu, lasai baina indartsu; gazte mugimendua da herri honen oraina eta etorkizuna.

Badirudi azken bolada honetan ugaltzen ari direla horrelako auzibide eta zigorrak.

Espainiako Estatuaren inboluzio oso garrantzitsu batean gaude. 1978ko erregimen faxista kolokan dagoen honetan, estatua eskura dituen arma guztiak erabiltzen ari da: mozal legea, itun antiterrorista, 155. artikulua, orain proposatzen ari diren bizi guztiko zigorra eta abar. Ez da kasualitatea.

Alfredo Remirez zure herrikidea ere Basauriko espetxean dago.

Hori burutik pasatu zitzaidan lehen gauzetariko bat izan zen, herrikide eta lagun izanik. Zoritxarrez, Espainiako estatuko kartzela guztietan euskal preso politikoren bat dago, baina horrek esan nahi du edozein lekutara joanda ere kideren batekin egongo naizela. Horregatik, lasai nago. Espero dut, noski, Alfredo ikusi eta besarkatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.