Bilbobuseko langileak egun osoko greba egiten ari dira

Sindikatuek salatu dute 2021etik daudela lan hitzarmenik gabe. Bizkaibuseko langileek ere greba egingo dute bihar.

Bilbobuseko autobus bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbobuseko autobus bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 18a
10:00
Entzun

Bizkaiko garraio publikoak arazoak izango ditu egunotan. Gaur, Bilbobuseko langileek 24 orduko greba bati ekin diote, lan hitzarmen berria eskatzeko. Ez da lehenengoa, urtarrilean eta otsailean ere grebak eta mobilizazioak egin baitzituzten udal autobus zerbitzuko beharginek, baina azkena ere ez da izango: martxoaren 20rako, 25erako eta 27rako ere grebara deitu du enpresa batzordeak, eta, egoera konpondu ezean, apirilaren 9tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.

Sindikatuek salatu dute aurreko lan hitzarmenaren epealdia 2021ean amaitu zela eta geroztik hitzarmenik gabe daudela. Horren ondorioz, soldatak «izozturik» izan dituzte azken hiru urteotan.

Bizkaibuseko langileek ere greba egingo dute bihar. ELA, LAB, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek egin dute deialdia, eta haien asmoa da protesta egitea «langileen kontrako eraso fisiko eta ahozkoak» direla eta.

Sindikatuek azaldu dutenez, eraso horiek ugaldu egin dira aspaldi honetan: «Kezkaz ikusten dugu gure lanpostuetara segurtasunez joatea zailtzen duten egoerak areagotzen ari direla». Zerbitzua kudeatzen duten enpresei eskatu diete «segurtasuna bermatzeko neurriak» har ditzatela, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku hartzea ere galdegin dute.

Euskotrenen ere bai

Euskotreneko langileek ere bat egin dute protestarekin, eta, orotara, 2.500 langile inguru deituta daude biharko greban parte hartzera, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. 08:00etan manifestazioa egingo dute Bilbon, EITBren egoitzatik abiatuta, eta Donostian ere izango da mobilizaziorik: 11:30ean izango da, Easo plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.