Euskal Herriak berriro babesa agertu dio Egunkaria-ri, gaur ere izugarrizko jendetza bildu delako Bilbon, manifestazioan. 17:02an hasi da mobilizazioa, Egunkaria libre! lelopean, Autonomia kaletik. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko auzipetuak zeuden pankartan, baita auzi ekonomikoko beste auzipetuak ere.
Manifestazioko burua 17:52an heldu da bukaerara, udaletxe aurrera. Han, jendea bildu ondotik -ez guztiak, uholdea zegoelako Bilboko kaleetan-, Torrealdai hasi da hizketan, 18:00etan. Artean Autonomia kalean zen jendea. "Hemen gaude guztiok. Egunkaria-k biltzen gaitu. Bildu beharra dauka herri honek", esan du hasieran, eta jendearen babesa eskertu du. "Zuei esker, burua goian dugu. Mila esker Euskal Herria!".
Auzipetuen arabera, euskarari egin zioten eraso 2003ko otsailaren 20an, Egunkaria itxi zutenean. "Hizkuntzarekin batera euskaldunok eraso gintuzten; munduan euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra eraso zuteln; euskal herritarrari izaera, nortasuna, ematen dion euskara, euskal herritarrak maite duen euskara, jipoitu zuten...; horra zergatik esan zuen euskal jendarteak 'nahikoa da!' duela zazpi urte. Eta orduko moduan orain ere".
Absoluzioa eskatu du Torrealdaik. "Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten. Absoluzioa da injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra. Ez dadila berriz ere antzeko bidegabekeriarik gerta! Euskaldunok, euskal herritarrok, libre bizi nahi dugu, Egunkaria libre’ izango den Euskal Herri librean".
Eragilen artean, ordezkaritza zabala izan da.
Egundoko jendetza izan da Bilbon, 'Egunkaria'-ren alde
17:02an hasi da epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko manifestazioa, eta burua 17:52an heldu da bukaerara. "Bildu beharra dauka herri honek", esan du Torrealdaik, auzipetuen izenean. "Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten". Milaka eta milaka lagun izan dira mobilizazioan. Eragilen artean, ordezkaritza zabala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu