Egunean 94.000 ibilgailuk erabiltzen dute batez beste Donostiako saihesbidea

Gipuzkoan gehien erabilitako errepidea da, N-1a eta A-8a baino gehiago; 120.000 auto hartzen ditu zenbait tokitan

Erredakzioa
2007ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako saihesbidea da Gipuzkoako errepide guztietatik trafiko gehien duena. Egunero, batez beste 94.000 ibilgailu ibiltzen dira; baina ibilbideko hainbat lekutan, Aieten eta Intxaurrondon kasu, 120.000 ibiligailu ibiltzera irits daitezke. Saihesbide horren atzetik trafiko gehien duen Gipuzkoako errepideen artean daude N-1a eta A-8a. Hala ondorioztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, herrialdeko errepideen inguruko azterlana egin ostean. Eta hala eman zuen jakitera Bide Azpiegituretako diputatu Eneko Goiak atzo, Donostian eginiko agerraldian.

Foru diputatuaren hitzetan, herrialdeko zortzi errepide nagusik -A-8, N-1, N-1-A, A-15, AP-1, N-121-A, N-634 eta N-638- Gipuzkoako trafikoaren %70 hartzen dute. Batez beste, egunean 26.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide horietako 254 kilometrotan zehar. Eta errepide horietatik guztietatik, Donostiako saihesbideak hartzen du ibilgailu gehien. Egunero bertatik igarotzen diren 94.000 ibilgailuetatik 15.000 kamioiak dira. Goiak azaldu zuenez, kopuru hori Donostiako bigarren saihesbiderako lanak bukatzean gutxituko direla espero du Foru Aldundiak. Diputatuaren hitzetan, saihesbide zaharreko 40.000 ibilgailu hartuko lituzke errepide berriak.

Lurraldean trafiko gehien duen bigarren errepidea N-1a da, 36.000 ibilgailu pasatzen baitira egunero ibilbidetik. Dena den, kopuru hori gainditzen duten puntuak ere baditu: Bazkardo da horietako bat, Andoainen; 71.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero. Errenteriako Kaputxino gainetik 50.000 ibilgailu pasazten dira N-1 errepidean, eta puntu arazotsuenen artean dago Gaintxurizketako gaina ere, Lezo eta Hondarribia artean, eguneko 33.000 ibilgailurekin.

Goiaren hitzetan, egun N-1ean sortzen diren arazoak arindu egingo dira bertatik 30.000 ibilgailu aterako lituzkeen Urumeako autobidea egitearekin, eta baita lanetan den Gaintxurizketa eta Bentak arteko bikoizketarekin ere. Halaber, diputatuak azaldu zuenez, aurten Pasaiako saihesbidea zabaltzearekin batera lehenago Kaputxino ingurua zeharkatzen zuten 25.000 autori tokia egitea lortu da.

Ibilgailu gehien hartzen duen hirugarren bidea, berriz, A-8 autobidea litzateke: batez beste, 33.000 auto, kamioi eta bestelako ibilgailuigarotzen dira egunero errepideak Gipuzkoan hartzen duen zatitik. Pasaia eta Oiartzun arteko zatianibilgailuen kopurua bikoiztu egiten da, batez beste egunean 66.000 gidarik erabiltzen baitute errepide zati hori. Donostia eta Zarautz arteko zatian ere, autobidearen batez bestekoa baino ibilgailu gehiago pasatzen dira egunero: 39.000, hain zuzen ere.

Foru diputatuaren arabera, autobidearen ibilgailu kopurua gutxiagotzen lagunduko du Pasaian jada zabaldu den eta Zarautzen lanetan dagoen hirugarren bideak, nahiz Donostiako bigarren saihesbidea egiteak.

Halaber, egunero ibilgailu kopuru handiak hartzen dituzten beste errepideen artean bi nabarmendu zituen Goiak: N-638a, Hondarribiko aireporturako norabidea, eguneko 27.000 ibilgailurekin; etaN-121-A, Irun aldean, 20.000rekin. Ibilgailu astunei dagokionez, diputatuak azaldu zuen Donostiako saihesbidetik 15.000 kamioi igarotzen direla egunero, eta beste 8.000 Etxegarateko gainetik. Dena den, lurraldeko errepide nagusi guztietan %10etik gorakoa da ibilgailu astunen zirkulazioa.



«HAUSNARKETA EPE ERTAINERA». Goiak esan zuen errepide berriak egitea ez dela egungo arazoak konpontzeko bidea. Ildo horretan, beharrezkotzat jo zuen Foru Aldundiko departamentu desberdinek Gipuzkoako mugikortasunaren gainean «epe ertainean hausnarketa» egitea. Hain zuzen, egungo auto butxadurak hemendik 20 urtera errepika ez daitezen jo zuen beharrezkotzat hausnarketa hori.

Bien bitartean, Foru diputatuak agerraldian aipatutako egitasmoen bidez eman nahi die aterabidea Foru Aldundiak egungo ibilgailu pilaketei. Goiak gaineratu zuenez, bide horretan dagoeneko lanean ari da foru instituzioa. Egungo arazoak gainditzeko, trenbidea hobetzearen eta autobusaren alde ere apustu egiten dutela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.