Bide eginez

Egungo "eragin eremu instituzionalak" abiapuntutzat hartuta "marko nazionala" osatzea proposatzen du Batasunak

Bide Eginez prozesurako Batasunaren mahai nazionalak prestatu duen ildo politikoaren inguruko txostenean, egungo "eragin-gune instituzionalak" —alegia, egungo banaketa administratiboa— hartzen dira abiapuntu "gaur egungo errealitate politikoa, instituzionala eta administratiboa gainditu eta herri eta herritarren eskubide guztien errespetuan oinarritutako marko berria eta nazionala eraikitzeko". Abiapuntuak desberdinak izanik, erritmo desberdinak onartzea ere proposatzen du beraz Batasuneko mahai nazionalak gaur aurkeztu dituen txostenetan.

2005eko urriaren 6a
16:34
Entzun
Batasuneko mahai nazionalak hiru txosten prestatu ditu 'Bide eginez' prozesuan eztabaidatzeko. Balantze politikoaren inguruko txostena da bata, ildo politikoaren ingurukoa bestea, eta Batasunaren antolaketari buruzkoa hirugarrena. Hiru txosten horiek eztabaidatuko dituzte orain Batasuneko militanteek eta urtarrilaren 21ean egingo duten Biltzarrean amaituko da prozesua.

Ildo politikoaren txostenean hiru "eragin gune instituzional" desberdintzen ditu Batasunak: "Lapurdi, NAfarroa Beherea eta Zuberoa; Nafarroa Garaia; eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Hiru horiek abiapuntu izatea proposatzen da, eta tokian tokiko erritmoan aritzea onartzen da. "Trantsizio proposamen" hori egiten du Batasuneko mahai nazionalak, "herri bakar, anitz eta oso bat bezala pentsatuz eta tokian tokiko errealitateari kasu eginez".

Eragin-gune instituzionalen harira, nafarren atxikimendu librea onartzea ere proposatzen du Batasuneko mahai nazionalak. "Batasunak Nafarroa Garaiak behar duen marko politiko eta instituzionalaren alde jardungo du, Euskal Herriaren nazio egituratzearen baitan, beti ere nafarren atxikimendu librean oinarrituz".

Honakoa da Batasunaren azken helburua: "Eskubide guztiak betetzea Euskal Herri osoan euskal herritar guztientzat".

Konponbide prozesuan Orain herria orain bakea proposamenaren baliagarritasuna berresten dute. Han proposatutako bi mahaiak osatzen direnean, Batasunak Konponbiderako mahaian lan egitea proposatzen da.

Errepresioari eta eskubide zibil eta politikoen urraketari aurre egiteko estrategia ere proposatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.