hizkuntz normalizazioa

Egungo hizkuntz politikekin 2050ean euskarak normalizatu gabe jarrai dezakeela ohartarazi du Kontseiluak

Ostiralean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, konpromisoa eskatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Halaber, gaur egun indarrean diren hizkuntz politikek ez dutela euskararen normalizazioa bermatzen ohartarazi dute. Ildo horretatik, Kontseiluko buruek jakinarazi dute badirela instituzioek egindako ikerketak egungo hizkuntz politikekin jarraituz gero 2050ean euskara normalizatu gabe egongo dela erakusten dutenak.

2004ko abenduaren 1a
19:29
Entzun
"Esan nahi dugu gaur egun aplikatzen ari diren hizkuntz politikekin inondik inora ez dela bermatzen euskararen normalizazioa. Jakin badakigu egin direla instituzioek bultzaturiko ikerketak garbi adierazten digutenak 2050ean euskara ez dela normalizatuta egongo gaur egun aplikatzen diren politikekin", azaldu du Iñaki Lasa Kontseiluko Ildo Politiko-instituzionaleko arduradunak."Arreta piska bat jartzen duen orokikus dezake gaur egun aplikatzen diren politikekin eta plangintzekin eta normalizazioaren bidean dauden tresnekin, nekez iritsiko garela epe ertain eta ulergarri batean euskara normalizatzera", erantsi du.

Konpromisorako deia

Lasak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, etzi Euskararen Eguna dela-eta herritarrei zein instituzioei hizkuntza horrenganako konpromisoa eskatzeko.

Hain zuzen ere, "ekintzarako unea" iritsi dela iritzi dio Lasak, "orain ari garelako definitzen 2050eko euskararen errealitatea".Horregatik, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak orain aplikatu behar direla, eta hiru konpromiso ezinbestekoak direla nabarmendu du.

Alde batetik, norbanakoen konpromisoa aipatu du Lasak, bere ustez, euskararen normalizazioak "herritar guztien konpromisoa"behar baitu. Aldi berean, Kontseiluak iritzi dio gizarte eragileek ere bat egin behar luketela normalizazio prozesuarekin.

Konpromiso politikoak ere behar direla azpimarratu du, eta, ondorioz, KontseiluarenAkordio Soziopolitikoa gogoratu du, eta bertara indar gehiago erakartzeko beharra aipatu du. Hala, dei egin die Akordioan ez dauden alderdiei eta sindikatuei hitzarmenarekin bat egiteko.

Euskararen normalizazioa ahalbidetuko duten beste politika bat eta beste jardunbide batzuk badirela ziurtatu du Kontseiluko ordezkariak. Horrela, etzi ospatuko den Euskararen Egunaren aurrean ekarri "funtsezko lau proposamen" aipatu ditu Lasak.

Lehena normalizazioa arautzen duen corpus juridikoarekin erlazioa duena izango litzateke. Kontseiluaren ustez, gaur egun Euskal Herrian indarrean dauden lege, arau, agindu edota dekretu ezberdinek ez dute ahalbidetzen euskarak behar duen prozesua, eta, zentzu horretan, aztertu eta egokitu egin behar direla azpimarratu du.

"Azterketa eta egokipen horretan ezinbestean hartu behar dira hiru kontzeptu oso funtsezkoak direnak: euskara lehentasunezko hizkuntza izatea, berezkoa izatea eta batez ere ofiziala izatea, gaur egun euskara Euskal Herrian ez delako ofiziala lurralde osoan", gaineratu du.

Halaber, Lasak funtsezkoa deritzo instituzio guztiak inplikatzeari hizkuntz politikaren bidean, are gehiago, "mahai gainean ditugunean Estatutu berria bezalako lege garrantzitsuen eztabaida". "Uste dugu badela unea euskararen ezagutza beharrezkoa eta derrigorrezkoa izateko. Uste dugu herri honek ibilbidea egin duela azken 25 urteetan, eta ondorioz badela unea corpus juridiko horrek hori ere kontuan hartzeko, ezinbestakoa delako normalizaziorako ezagutza zabaltzea", azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.