EAren Nafarroako batzarrak aho batez onartu zuen atzo lau puntuko ebazpen bat. Agiri hori onartuta, Eusko Alderdi Jeltzaleari, Aralarri eta Nafarroa Baiko independenteei igorri die. Horretan, batetik, egungo egoeraren garrantzi historikoa aintzat hartzeko eskatzen zaie, baita «alderdien berezko dinamikak errespetatzeko» eta aldaketa politikorako aukera oro lehenesteko ere.
Bigarrenik, EAren lurralde batzarrak beste behin Nafarroa Bairekiko «konpromisorik sendoena» adierazi du, eta argi utzi du Nafarroan NaBai dela hurrengo hauteskundeetarako «apustu bakarra». Koalizioak «aniztasunean, desberdinen arteko batasunean eta errespetuan» oinarritutako hasierako espiritua berreskuratzearen alde egiten du. Betoak alde batera uzteko eskatzen dute: «Aralar eta EAJren arteko koalizio batek NaBairen siglen azpian mozorrotzeko asmo oro deitoratu egiten ditugu, hasierako printzipioen aurka jotzen ari baitira».
Hirugarrenik, argi utzi dute EAk NaBairekiko «konpromiso eta leialtasun handiena» erakutsi duela. «Inoiz ez dugu Nafarroa Bai zalantzan jarri». Azkenik, ohartarazi dute koalizioaren batasuna ezin dela «xantaia» batean oinarritu eta ezin dela EArentzat espresuki sortutako baldintzarik inposatu. Exijentzia horiek koalizioko gainontzeko kideek beste lurraldeetan dituzten interes alderdikoiei erantzuten dietela salatu du EAk.
Urizarren adierazpenak
Gasteizen hitzaldi batean parte hartu zuen Pello Urizarrek. Han azaldu zuen koalizioko beste kideek EAri «ezezkoa» ematera ez direla ausartzen, baina EAri pixkanaka atea ixten ari direla. «Hautagaiak izendatzen hasiko direla diote, eta berez, ezezkoa argia izan ez arren, ezezko bat da». Ezker abertzalearekin batera aurkezteko aukera aztertu aurretik «legezkoak edo legez kanpokoak» diren argitu beharko dela deritzo.
«Egungo unearen dimentsio historikoa» aintzat hartzeko eskatu du EAren Nafarroako batzarrak
Alderdi bakoitzaren dinamika errespetatzea eta aldaketa lehenestea eskatu die Aralarri, EAJri eta independenteei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu