'Egunkaria' absolbitua

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga 'Egunkaria'-ko itxiera kasuko auzipetuak zigorrik gabe utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, deliturik ez zutela egin argudiatuta. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Kazeta ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea aintzat hartuta, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Tortura salaketez dio "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik" ez zela egon". Guardia Zibilak itxi zuen euskarazko kazeta, 2003an.

2010eko apirilaren 12a
16:06
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Egunkaria. Gaur atera du epaia, 12:50 aldera. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu dute epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia.

Sententziako puntu garrantzitsuak

- Deliturik ez. Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela harremanik izan ETArekin.

- Itxiera neurria, Konstituzioaren babesik gabea.Egunkaria ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan esaten du epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea kontuan hartu, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Epaiaren arabera, salbuespen egoerarik egon ezean Konstituzioak ez du ahalbidetzen hedabideak ixtea, "delikuentzia terrorista" kasuetan ezin da halako neurririk hartu.

- Hedabideak, demokrazian oinarrizko tresna. Hedabideak ez dira, epaileen ustez, "beste edozein enpresa", "gizarte demokratikoan oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren eskubideak gauzatzeko tresna direlako".

=b- 'Egunkaria'-k ez zuen "terrorismoa" goresten.=b Euskarazko kazeta hark, epaiaren arabera, "ez zuen mehatxurik egiten, ez zuen delitua probokatzen, ez zuen ekintza terroristen apologia egiten edo ez zituen goresten, ez zuen kalumniarik egiten".

- Adierazpen askatasuna, urratuta. Itxierarekin adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zela dio Auzitegi Nazionaleko epaiak. Gainera, "pluralismoaren perspektibatik", Egunkaria euskaraz argitaratu izana ere kontuan hartu behar dela esaten du.

- Akusazioak, frogarik gabe, ahulak eta oinarririk gabeak. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuen aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi. Honek ebatzi duenez, herri akusazioek ez zuten "froga zehatzik" eta "susmoen gainean" egin zuten akusazioa. "Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen dituela diote [herri akusazioek eta Guardia Zibilak], baina datuen balorazio okerra egitea da hori. Akusazioa ahula da eta oinarririk gabea". Egunkaria-k ez du harremanik ETArekin, dio sententziak; bestelakorik esatea, "espekulazio hutsa da".

- Inkomunikazioan kontrolik ez. Auzipetuek atxiloaldian inkomunikazio garaian tortura eta tratu txarrak jaso izana salatu zutela dio Auzitegi Nazionaleko sententziak -"epaiketan detaileekin kontatu zuten"-, baina dio epaimahaiak ezin duela halakorik gertatu zela "juridikoki" esan. Dena dela, "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik ez zen egon", dio.

Helegite aukera

Gaurko epaiak, ordea, ez du Egunkaria auzia bukatutzat eman. Batetik, Dignidad y Justicia eta AVTk Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute, helegitea sartuta.

Bestetik, auzi ekonomikoak zabalik segitzen du eta epaiketaren zain daude zortzi auzipetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.