'Egunkaria auzia'

'Egunkaria auziko' atal ekonomikoa ere Auzitegi Nazionalean epaituko dute

181 urteko espetxe zigor eta 235 milioi euroko isun eskaerak egin dituzte zortzi auzipetuen aurka. Prozedura laburtua denez, aste batzuen buruan has daiteke epaiketa. Babesa eskatu diete auzipetuek erakundeei, eragileei eta, oro har, gizarteari.

2008ko urtarrilaren 24a
17:13
Entzun
Egunkaria auziaren barruko atal ekonomikoa ere Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute, hain justu, epaitegi horretako Penaleko Salak atzera bota dituelako zortzi auzipetuen defentsen eta Fiskaltzaren eskaerak: auzi hori epaitegi arrunt batean, Euskal Herrian epaitzea.

Gainera, Egunkaria auziko atal nagusia ez bezala, atal ekonomikoari dagokiona prozedura laburtukoa da -sumarioa da auzi nagusia-, eta, ondorioz, aste batzuen buruan has daiteke epaiketa. Hasteko epaileak data jartzea besterik ez da falta.

Atal horretako zortzi auzipetuen aurka 181 urteko espetxe zigor eta 235 milioi euroko isun eskaerak egin ditu Dignidad y Justicia herri akusazioak, eta Fiskaltzak auzia Euskal Herrira ekartzeko eskaerari eusten zion bitartean, bat egin du eskaera horrekin, prozeduraz. Izan ere, iragan azaro bukaeran Juan del Olmo epaile instruktoreak ahozko epaiketa abiatzea erabaki zuenean, 3 eguneko epea eman zion Fiskaltzari eskaera egiteko. Funtsean 13 eta 26 urte bitarteko espetxe eskaerak egin dituzte zortzi auzipetuen aurka, eta 21 eta 33 milioi euro bitarteko isunenak.

Auzipetuek Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean egin duten agerraldian nabarmendu dutenez, atal ekonomikoan ez dituzte egozten zaizkien delituak egin, baina egin izan balituzte ere, "astronomikoak" iruditzen zaizkie beren kontrako eskaerak eta "izugarria" Auzitegi Nazionalean epaitzea. Izan ere, leporatzen dietena BEZaren kontrako delitua eta dirulaguntzak jasotzeko iruzur egitea dela agertu dute.

"Ez dago BEZ deliturik, ez dirulaguntza deliturik. Delitu bakarra Euskaldunon Egunkaria sortzea, eta lan asko egitea eta soldata txikiak jasotzea izan da", adierazi du Joan Mari Torrealdaik auzipetuen izenean. "Delituak egonda ere -baina ez daude-, epaitegi arruntean epaitu beharko lituzkete", erantsi du.

Auzi guztiaren oinarrian bultzada politikoa dagoela salatu du Torrealdaik, eta babesa eskatu du: babesa Euskal Herriko eta nazioarteko erakunde, eragile eta elkarteei, eta, bereziki gizarteari, herritarrei. Auziari aurre egiteko modu bakarra jendea mobilizatzea dela azpimarratu du auzipetuen izenean. Hori dela eta, otsailaren 20aren inguruan Egunkaria-ren itxieraren 5. urteurrena dela eta egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.