Egunkaria auzia

'Egunkaria' independentea eta plurala zela berretsi dute defentsaren lekukoek

Iñaki Zabaleta, Imanol Murua Uria eta Jose Luis Zinkunegi epailearen aurrean izan dira gaur. Txomin Aizpurua ETAko kide ohiak adierazi du berak ez zuela 'Egunkaria'-ren sorrera garaiko txostenik ezagutu; epaiketako aurreko saioan hiru presok ere berretsi zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Auzipetuek hedabideen aurrean esan dute egia nagusituko dela. Asteazkenean segituko du epaiketak.

2010eko urtarrilaren 25a
19:32
Entzun
Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna defenditu dute gaur defentsaren hiru lekukok, epaiketako laugarren saioan: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Epaiketako lehen saioan -abenduaren 15ean-, gauza bera aldarrikatu zuten bost auzipetuek, eta Egunkaria-k sorrera garaian ETArekin ez zuela harremanik izan berretsi zuten.

Zabaletak euskarazko kazeta sortzeko prozesuaz azalpen ugari eman du bere deklarazioan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. "Egunkaria Sortzenekoa zen euskal kulturan izan dezakegun talderik pluralena", azpimarratu du. Kazetaren eta EAJren arteko harremana bidera zezan Mario Onaindia PSE-EEko buruzagi zenarekin harremanetan jarri zirela azaldu du. "EAJren eta Egunkaria-ren arteko hasierako hoztasuna apurtu zuena PSE izan zen". Kazetak ETArekin harremanik zuela guztiz ukatu du Zabaletak.

Murua Uriak zuzendari hautaketaz jardun du. Esaterako, epaileari esan dio berak "iradoki" zuela Martxelo Otamendiren izena Egunkaria-ko zuzendari izateko; Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko lehendakariari aipatu ziola hori. Murua Uriak aitortu du berari proposatu ziotela Egunkaria-ko arduradunek zuzendari jartzea 1993an -1990ean ere eskaini zioten, beste hainbati bezala-, baina ezezkoa eman zuela, bere burua ez zuelako zuzendari izateko "prestatuta" ikusten, eta "aukeraketan lagundu" nahian Otamendiren izena jarri zuela mahai gainean. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioen arabera, ETAk esanda jarri zuten Otamendi 1993an Egunkaria-ko zuzendari.

Egunkaria-ko administrazio kontseiluak 1993ko ekainean izendatu zuen Otamendi zuzendari, eta hau postu horretan egon zen 2003ko otsailaren 20ra arte, Guardia Zibilak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, euskarazko kazeta itxi zuen arte.

Horrez gain, ETAk Egunkaria-ren erabakietan sekula ez duela eraginik izan ziurtatu du Murua Uriak.

Zinkunegi jesuiten buruak azaldu du Txema Auzmendi auzipetua bere kargupean aritu zela Egunkaria-n -administrazio kontseiluko idazkari izan zen Auzmendi-. Kazetaren proiektuan aritzeko oniritzia eman ziola erantsi du: euskarazko egunkari bakarra izango zelako eta proiektu "zabala" zelako.

Aurretik, Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi du ez duela Egunkaria-ren sorrera garaiko txostenik ezagutzen. 1991n atxilotu zuten Aizpurua -ETAko zuzendaritzako kideetakoa izatea leporatuta- eta Egunkaria 1990ean sortu zen. Aurreko saioan Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek ere berretsi zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Hirurok bezala, herri akusazioen lekuko gisa deklaratu du Aizpuruak.

Etzira arte eten dute epaiketa, AVTko abokatuaren ama hil delako

Gaur 10:45ean ekin diote epaiketako laugarren saioari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioen azken lekukoak eta defentsaren bi izan dira auzitegian, azalpenak ematen. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak 13:20an jakinarazi du etzira arte atzeratu duela epaiketa, Antonio Parrero AVTko abokatuaren ama hil delako. Orduan, defentsaren lekukoen txanda amaitzean, perituak hasiko dira.

Abenduaren 15 eta 16an egin ziren lehen bi saioak eta hirugarrena urtarrilaren 12an. Auzipetuek ukatu egin zuten ETArekin lotura izan zutela. Guardia zibilek ez zuten frogarik aurkeztu.

Baliteke akusazioak eta defentsak otsailaren amaieran helaraztea euren eskaerak epaimahaiari.

Torrealdai: "Egia gailenduko da"

"Fabulazioen gainetik egia gailenduko da". Hala esan du gaur Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko auzipetuak Madrilen hedabideen aurrean, Auzitegi Nazionalaren atarian, saioaren aurretik. Bost auzipetuak "lasai" daudela adierazi du, halaber.

Torrealdai, Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga auzipetuek epaiketa amaierara iristen ari den arren "erne" jarraitzeko eskatua diote gizarteari, Auzitegi Nazionaletik edozein epai espero daitekeela iritzita. Larunbatean gizartearen ordezkaritza zabalaren babesa jaso zuten auzipetuek Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa).

=b'Egunkaria'-ren itxierako auziko auzipetuen zigor eskaerak=b

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek egin dituzte zigor eskaerak.

Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak auzia ixteko eskatu zuen. Defentsak ere artxiboa eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.