5 urte 'Egunkaria' gabe

'Egunkaria libre!' aldarrikatu dute itxieraren 5. urteurrenean, ekitaldi jendetsuan

Ehunka lagun batu dira Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur parkean. Haien artean, agintariak; PSE eta PPkoak izan ezik, gainerako indar politiko guztietako ordezkariak. Sindikatuetakoak, kultur eta gizarte arloetan ezagun diren hainbat lagun ere izan dira.

2008ko otsailaren 20a
17:25
Entzun
Gaur bost urte Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria itxi zutela salatzeko eta epaiketaren zain diren hamabi auzipetuei elkartasuna adierazteko, ehunka lagun bildu dira Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean; hau da, Egunkaria-k egoitza zuen gunean.

Egunkaria libre! jartzen zuen pankartari hamabi auzipetuetako bederatzi eutsi diote, zehazki, Xabier Oleagak, Fernando Furundarenak, Txema Auzmendik, Ainhoa Albisuk, Mikel Sorozabalek, Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak, Begoña Zubeltzuk eta Pello Zubiriak. Falta zirenen artean, Martxelo Otamendi Bartzelonan zen, Sant Jaume plazan, hain zuzen ere, Kataluniako hiriburuan Egunkaria-ren itxiera salatzeko egin duten ekitaldian. Xabier Alegria, berriz, espetxean daukate Puerto Santa Marian (Cadiz, Espainia).

Orduan emandako erantzuna nabarmendu dute

Gizarteko zenbait arlotan ezagun diren jendearen lekukotasunekin abiatu da ekitaldia. Bertan, Kike Amorarriz soziolinguistak, Joan Mari Irigoien idazleak, Josune Bereziartu eskalatzaileak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Unai Larreategi euskaltzaleak, Joanmari Larrarte EKTko ontseilari ordezkariak, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñaki Uria Egunkaria-ko auzipetuak hitz egin dute, Ines Osinagak kanta bat abestu du, eta Andoni Egañak eta Pello Zabalak bertsoak —jendeak lagunduta—.

Amorarrizek 2003ko otsailaren 20tik aurrerako lehen egunak gogoratu ditu, Madrilgo bizipen “gogor” haiek, orduan idatzitako artikulua berriro leituz. Irigoienek, berriz, poema bat irakurri du, eta Bereziartuk “zoriondu” egin du BERRIA, “Egunkaria itxi eta segituan sortu zelako”. Garrantzi handia eman dio horri eskalatzaileak.

Tellituk Guardia Zibilak 2003ko otsailean egindako miaketa salatu du. “Ez dakit tamaina horretako sarraskirik jasan izan duten ikastolek”. Euskalgintza “osoa jomugan” dagoela iritzi dio Tellituk, “baina aurrera egin behar da, orduko erantzuna orain ere emanez”.

Larreategik ere itxiera garaiko erantzuna ekarri du gogora, goretsiz. “Hori izan zen onena: Donostiako manifestazioa, BERRIAren sorrera…”.

Larrartek 2003ko otsaileko gauza bera esan du gaur: “Euskararen kontrako erasoa izan zen. Euskaraz bizitzeko ezinbesteko tresna zen Egunkaria, eta itxi egin zuten”. Euskal gizarteari eta Egunkaria-ko lan taldeari esker BERRIA sortu zela azpimarratu du Larrartek. “1990etik izan genuena, euskarazko egunkaria, ez zen eten, eta 2003ko kemen eta indar hura behar dugu hamabi auzipetuak kartzelara ez joateko”.

Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak euskal erakundeei euskalgintza “babesteko” eskatu die, “hauek begirunea merezi eta behar dutelako”. Auzipetuekiko “harro” egon behar dela adierazi du Mendigurenek. “Ez ditugu bakarrik utziko, eta euskara bultzatzen eta euskaraz bizitzen segituko dugu”.

Uriak hitz egin du Egunkaria-ko auzipetuen artean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean defentsa egitea “ezinezkoa” dela esan du, “deliturik ez” egon arren epaiketa egin egingo delako. “Gure defentsa bakarra, beraz, Auzitegi Nazionala deuseztatzea da eta hemengo sistema judiziala izatea, arlo horretan geure buruaren jabe izatea”.

Egunkaria itxi zutenean emandako erantzunagatik eskerrak eman dizkie denei Uriak, “eredugarria izan baitzen hura: manifestazioa, Egunero ateratzea itxieraren hurrengo egunean, gero BERRIA eta Hitza-k… Euskal prentsak inoiz emandako jauzi handienetakoa izan da”. Gainera, horregatik Madrilen “prestatuta” zituzten beste operazioak gerarazi egin zirela nabarmendu du. “Baina orain epaiketa egingo da, herri akusazioak eskatuta. Zer egin die Egunkariak Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioei? Hemen biktima bakarrak, gu gara”.

Ekitaldia amaitzeko, Egañak egindako bertso batzuk kantatu dituzte bildutakoek, Egaña bera eta Pello Zabala oholtzatik gidari zituztela.

Jendetza

Arestian esan bezala, jende asko bildu da ekitaldian. Agintari eta politikarien artean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Jose Ramon Beloki EAJren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Xabier Arzalluz EAJko presidente ohia, Josetxo Ibazeta ezker abertzaleko kidea, Unai Ziarreta EAko presidentea, Nekane Altzelai EAko Gipuzkoako zerrendaburua, Antton Karrera EBko buruzagia, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Inaki Irazabalbeitia Aralarreko Gipuzkoako zerrendaburua, Mertxe Colina ABko buruzagia, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria, Antton Gomez EAE-ANVko idazkari nagusi ohia, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo (Gipuzkoa) alkatea (EAE-ANV), Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea (EAE-ANV) eta beste hainbat. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak eta Txutxi Ariznabarreta LABeko komunikazio arduradunak, eta CCOOko buruzagitzako Jesus Uzkudunek ere parte hartu dute.

Kultur eta gizarte arloetako jende ezagun asko izan da, hala nola, Iñaki Murua bertsolari eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidentea, Imanol Lazkano bertsolari eta presidente izandakoa, Unai Iturriaga, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak, Txillardegi, Joan Mari Irigoien, Jose Mari Esparza, Edorta Jimenez, Iñigo Aranbarri, Xabier Mendiguren eta Kirmen Uribe idazleak, Mikel Elortza Susa argitaletxeko kidea, Fermin Muguruza, Jose Inazio Ansorena, Anari eta Ines Osinaga musikariak, Fernando Iraeta Robles Arangiz Fundazioko arduraduna, Jaime Otamendi ETBko albistegietako burua, Odile Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendaria, Xabier Euzkitze eta Hasier Etxeberria ETBko kazetariak, Iñaki Elortza Euskadi Irratiko kazetaria, Mariano Ferrer eta Elixabete Garmendia kazetariak, Pablo Muñoz Noticias egunkari taldeko burua, Gorka Altuna EHKEko kontseilari ordezkaria, Arantza Zugasti Noticias de Gipuzkoa egunkariko zuzendaria, Antton Olariaga marrazkilaria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.