Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi auzipetuen kontrako prozesuak berresteko eskatu du Miguel Angel Carballo fiskalak, eta gauza bera egin du Dignidad y Justicia herri akusazio berriak. "Eurak indarkeria erabili ez duten arren, indarkeria erabiltzen duen erakundean txertatutako taldea" dela argudiatu du Carballok. "18/98 sumarioaren antzekoa da Egunkaria -rena. ETA-k Espainiako Estatuaren kontra duen estrategiaren menpekoak dira".
Iñigo Iruinek—Xabier Alegriaren, Xabier Oleagaren eta Martxelo Otamendiren abokatuak—, berriz, gainerako akusatuen abokatuek atzo egin zuten eskaera berbera egin du: kasua artxibatzeko. Esan du ez dagoela delitu zantzurik eta akusazioek oinarririk ez dutela. "Epailearen autoak susmoetan eta espekulazioetan oinarritzen dira", Iruinen arabera, eta beraz, "auzibideak aurrera egiteak ez du zentzurik".
Alde guztien argudioak emanda auzi-saioa amaitu da, baina erabakia datozen asteotan hartuko du Zigor Arloko 2. epaimahaiak, epe jakinik gabe.
'Egunkaria auzia'