Goizeko 9:15etan Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari izanarekin eta 'Berria'-ko zuzendariarekin eta haren abokatu Iñigo Iruinekin batzartu da Van Boven. Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen bitartean jasan zituen torturak azaldu dizkio Otamendik NBEko behatzaileari.
Van Boven bi idazkari eta bi itzultzailerekin azaldu da bilkurara, eta Otamendik eta biek ingeleraz egin dute elkarrizketa. Martxelo Otamendiren testigantzak entzun eta gero, Iñigo Iruin abokatuak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurkako operazioak izan duen prozesuaren berri eman dio tortura behatzaileari. Otamendik torturak salatu zituela esan dio Iruinek Van Boveni, eta hori dela eta, Otamendiren aurka beste salaketa bat jarri zutela azaldu dio, "ETAri laguntza ematea leporatuta". Neurri berri hau "jendeak torturak ez salatzeko" erabiltzen dutela adierazi dio Iñigo Iruin abokatuak.
Otamendi eta Iruinekin bildu eta gero, Txema Auzmendi 'Euskaldunon Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko idazkariarekin eta Joan Mari Torrealdai 'Euskaldunon Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko lehendakariarekin bildu da Theo Van Boven.
Halaber, TATen ordezkaritza bat hartzeko astia izan du Van Bovenek; zehazki, Iñigo Elkoro abokatuaz gain, Unai Romano eta Juan Carlos Subijana gazteak, biak tortura handiak jasandakoak, bildu dira NBEko behatzailearekin. Hortaz, gazte horien lekukotasuna ezagutzeko parada izan du Van Bovenek, eta, era berean, oraindik gorputzean dituzten torturen aztarnak ikustekoa.
Van Bovenek orain arteko jaso dituen tortura salaketen %57k Euskal Herrian dute sorburua, eta datu horrekin kezkatuta etorri da gurera. Ikerketa aurrera eramateko, hainbat erakundetako ordezkariekin eta gizarte eragilerekin ari da bilkurak egiten NBEko behatzailea. Atzo, esaterako, Enrique Villar Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin, Mertxe Agundez jarduneko Arartekoarekin eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean parte hartzen duten legebiltzar taldeetako ordezkariekin batzartu zen.
Bisita honetan biltzen duen informazio guztiaren ondorioak 2004ko martxoan aurkeztuko ditu NBEko Giza Eskubideen Batzordean.
NBEren torturari buruzko behatzailea Euskal Herrian