'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa salatuko dute etzi

Donostiako Probintzia Auzitegiak laster erabakiko du epaiketa egin edo ez; zortzi lagun daude inputatuta

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurkako elkarretaratzea egingo dute etzi, 11:30ean, Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa). Donostiako Probintzia Auzitegiaren esku dago sumarioa, eta laster erabakiko du epaiketa egin edo ez.

Auzi nagusiko absoluzio epaiajakinarazi ondoren, 2010eko ekainaren 16an, Espainiako Auzitegi Nazionala inhibitu egin zen auzi ekonomikoa epaitzeko. Terrorismo delituekiko lotura desagertuta, Ogasun Publikoaren kontrako balizko delituren bat gelditzen zen sumario horretan, eta hori epaitzeko ardura Donostiako Probintzia Auzitegiarena zela ebatzi zuen. Beste kalifikazio eta auzitegi batean egonik, auzia berriro hutsetik hasi behar da, eta Gipuzkoako auzitegiak erabakiko du epaiketa egin edo ez.

Martxoan, Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu zen auzian, baina Donostiako zigor arloko 3. epaitegiko epaileak atzera bota zuen eskaera, defentsaren eta fiskalaren eskaerak aintzat hartuz. Auzian esku hartzeko zilegitasunik ez zuela ebatzi zuen, elkartearen estatutuen arabera terrorismoarekin lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua duelako.

Erabaki horren aurka, helegitea aurkeztu zuen Dignidad y Justicia elkarteak, eta horri buruzko erabakia eman behar du orain Donostiako Probintzia Auzitegiak: ondoren, aldeei eskatuko die kalifikazio idatziak aurkezteko.

AVT biktimen elkartea, berriz, auzi nagusian herri akusazio gisa jardun zen, baina ez da auzi ekonomikoan aurkeztu.

Igandean, zortzi urte

Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ren kontra agindutako bigarren polizia operaziotik dator auzi ekonomikoa deiturikoa. Guardia Zibilaren bigarren operazioa 2003ko urriaren 16an izan zen, aurrenekoa izan eta zortzi hilabetera. Egunkaria-rekin eta Martin Ugalde kultur parkearekin lotutako zortzi lagun atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diez. Bost egunez inkomunikatuta eduki ondoren, aske gelditu ziren denak, gehienak bermea ordainduta. Urte batzuk geroago, inputatu batzuk auzitik kanpo utzi zituzten, baina beste batzuk inputatu zituzten. Azkenean, zortzi lagun jarri zituzten epaiketaren bidean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egitea egotzi zieten, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea. Haien aurka 13 eta 26 urteko zigorrak eta 235 milioi euroko isuna eskatu zituen akusazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.