AEBetako Pen klubaren presidente Salman Rushdiek, Otamendiri eta kasuan inplikatutako besteei elkartasuna adierazi die, eta egunkari bateko zuzendariari horrelakoak egiten badizkiete beraiei egindakoa zabaltzeko "aukerarik ez dutenei" zer egingo ote dieten galdetu du.
Torturei dagokionean, Irakekoa ez dela kasu bakarra esan du Rushdiek, eta AEBetan subkontrata bidez lan egiten duten kartzeletan ere "gehiegikeriak" egiten direla.
Nazioarteko Pen klubaren lehendakari Jiri Grusa ere hitzaldian izan da, eta 'Egunkaria' auzian gertaturikoa harrigarria dela esan du. Europan alarma zabaldu behar dela dio, eta neurriak hartu behar direla"zibilizazioa eta kultura babesteko".
"Harrigarria" den arren, 'Egunkaria kasua' ez dela kasu bakarra esan du, Pen klubeko 'Idazle Espetxeratuen Batzordeko lehendakari nagusi Eugene Schoulingek, eta Otamendik bizitakoa Iraken eta Afganistanen gertatzen denaren parekoa dela. Schoulingen iritzian, "nazioarteko terrorismoaren" kontrako borroka bere "komenentziara" erabiltzen du "botereak". Hori Europa osoan gertatzen dela nabarmendu du, jendea beldurrez dagoenean edozer gauza onartzen duelako. Beraz, terrorismoa zer den definitu behar dela iritzi dio.
Ragip Zamakolu editore turkiarrak ere parte hartu du ekitaldian. Behin baino gehiagotan izan da kartzelan, eta orain libre den arren, soto batean dute argitaletxea, nolabait, klandestinitatean. Beretzat, "tamalez", 'Egunkaria'-ren kontrako operazioa ez dela arrotza esan du, eta Turkian ere Gobernuaren linea ofiziala jarraitzen ez zuen komunikabide batetako bi berriemaile torturatu zituztela agertu du. Gainera, 1990-95 bitartean 25 berriemaile hil zituztela gogorarazi du. Komunikabideei babesa eman behar zaiela nabarmendu du, eta horrelakorik ez gertatzeko " urratsak" eman behar direla.
'Egunkaria auzia'