Bermeoko ezbeharra eguerdian gertatu zen. Ordu horretan, herritar batzuek Ertzaintzari jakinarazi ziotenez, gizonezko bat enbata dela eta jarritako segurtasun esparruaren barruan zegoen, eta uretara botatzeko asmoa zuen.
Gizonezkoa uretara erori zen, eta berehala hura topatzeko lanak hasi zituzten Ertzaintzak eta Gurutze Gorriak. 16:30ean aurkitu zuten gizonaren gorpua Sukarrietan (Bizkaia), San Antonio hondartza eta Muruetako ontziolaren artean. Olatu hormaren zati bat ere hautsi zuen enbatak Bermeon, eta aisialdirako ontzi bat irauli zen.
Getxon (Bizkaia) kostaldetik ez pasatzeko aholkatu zuten goizean goizetik, eta Fadurako eta Gobelako kiroldegiak itxi zituzten. Ereaga hondartza inguruan ere txikizio handiak izan ziren, batik bat Igeretxe hotelaren eta Terraza udal eraikinaren artean. Udaleko garbitzaile talde bat bi induskagailurekin eta hainbat kamioirekin aritu behar izan zuen pasealekutik hondarra eta zuhaitzen enborrak kentzen. Getxoko Aquariumean ere gogor jo zuen enbatak, baita Portu Zaharrean ere. Arratsaldean are hondar gehiago pilatu zen.
Itsasontziak itsasadarrean edo itsaso irekian izateko agindua eman zuen Bilboko Portuko Agintaritzak. Herenegundik han daude Bermeoko ontziak, denboraletik babesteko.
Donostian, kalte handiak
Dena den, Donostiako Pasealeku Berrian izan ziren kalte handienak. Enbatak hogei metroko zulo bat eragin zuen. Murruak, gainera, bost metroko zuloa du, eta hortik etengabe sartzen da ura.«Denboralea oso gogorra izan da, eta zuloa konpontzeko lanak oso korapilatsuak izango dira. Izan ere, duela bi urte ez bezala, itsasoak pasealekuaren zabalera osoa irentsi du. Beraz, ezinezkoa izango da konponketa lanak egingo dituzten ibilgailuak hara iristea», adierazi zuen Ana Rivillak, Donostiako Bide Publikoetako zinegotziak. Duela bi urte ia lau hilabetez egon zen itxita Pasealeku Berria, 2008ko martxoaren 11n izandako enbatak eragin zuen zuloa konpontzeko. Atzo, Pasealekuko baranda, piboteak, eserlekuak, kaleargiak eta TAOko makinak ere hondatu zituzten olatuek. Donostiako kaleetan ere ura sartu zen, eta urak saltoki batzuk hartu zituen.
Haizearen Orraziaren inguruan 500 eta 600 kilo arteko harriak erauzi zituen enbatak, eta «kalte esanguratsuak» izan ziren granitozko zoruan. Donostiako hondartzetan eta zubietan ere utzi zituen ondorioak; izan ere,zubi gehienetako barandak hautsi zituzten. Kontxako nahiz Zurriolako kabinak urez bete ziren, eta Ondarretan olatuak lorategietaraino iritsi ziren. La Rotonda dantzalekuan eta Nautikoaren nahiz Atletico San Sebastianen egoitzetan ere kalteak izan ziren.
Gipuzkoako kostaldeko beste herrietan ere izan ziren arazoak. Esaterako, Zarautzeta Getaria arteko errepidea itxita egon zen itsasgorek iraun bitartean. Itsasoak oinezko pasabide bat irentsi zuen han. Hondarribian Butroe pasealekuko zati bat apurtu zen, eta kai muturrerako sarbidea itxi egin zuten, olatuen altueraren ondorioz. Olatuek, gainera, hondarrez bete zuten kai muturra. Pasaiako portua, halaber, itxita egon zen egun osoan.
Lapurdiko kostaldean ere enbatak gogor jo zuen. Haize ufada handiak izan ziren, 90 eta 100 kilometro ordukoak. Hamabi metro arteko olatuak ere neurtu ziren.
Nafarroan elurrak eragin zituen arazoak, baina txikiak. Abodi eta Larraine mendateak itxita egon ziren, eta Belaguako errepidean beharrezkoak izan ziren kateak.
Gaur ere zakar
Gaur ere zaparrada ugari botako ditu, Euskalmetek iragarri duenez. Egunaren lehenengo partean ez da aterrune luzerik espero iparraldean, eta tarteka ekaitza egingo du. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, gainera. Eguerditik aurrera atertuz joango da, eta haizeak ere ahultzera egingo du.