EH Bai koalizioa (Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta EA) kantonamenduetako bigarren itzulian Iholdikoan behintzat izango da, aurkeztea erabaki baitu. Bozen %32,12 jasota bigarren indarra atera da EH Bai han, Daniel Olzomendi duela zerrendaburu. Jean Louis Caset (UMP) geratu zen atzo aurrena, lehen itzulian: %41,34.
Bigarren itzulian —datorren igandean— Garaziko kantonamenduan ere aurkeztu edo ez aztertzen ari da EH Bai. Hirugarren indarra baldin bada ere, bozen %18,93 lorturik bigarren itzulira pasatzeko emaitza lortu du — 672 boto, Dominique Baxo dela zerrendaburu—. Francois Maitia (PS) izan da bozkatuena, %34rekin, eta abertzaleak "arduratsu" jokatzera deitu ditu. Ezkerreko Fronteak emaitza txarrak lortu ditu, eta laguntza txikia ekar diezaioke PSko buruari.
Beste eskualdeetan "boto librea" emango diete ABk, Batasunak eta EAk euren militanteei, baina UMP, PS eta Forces 64ko hautagaiei lau galdera egingo dizkie EH Baik: prest al dauden Ipar Euskal Herriko instituzioaz Kontseilu Nagusian eztabaidatzeko eta ondoren erreferenduma deitzeko, prest al dauden de facto euskara hizkuntza ofizial bezala onartzeko Kontseilu Nagusian, prest al dauden AHTaren lanak ez ordaintzeko eta Euskal Herriko egoera politiko berrian zer egiteko konpromisoa duten.
Bigarren itzulirik ukanen ez duen kantonamendu bakarra Hazparne izanen da, eta bertan bigarren indar politiko bihurtu da EH Bai han, bozen %20 eskuratuz. Emaitza onak lorturik, "oso pozik" agertu da EH Baiko zerrendaburu Juliette Bergouignan, eta bozkatzaile eta laguntzaile guztiak eskertu ditu. Bigarren itzulirik ez da izanen beraz Hazparnen, heldu den igandean. Zuberoan ere mantentzen da bozka abertzalea.
EAJk emaitza onik ez
EAJko hautagaiek ez dute emaitza onik lortu bozetan. EH Bairen arrakasta pairatu du Beñat Oteizak Iholdiko kantonamenduan, eta bozen %1,16 baino ez du lortu. Miarritzen Renaud Albaric ez da heldu %1era, eta Jean Telletxeak %1,52 lortu du Baiona Ekialdean. Pako Arizmendik lortu du EAJren emaitzarik onena Garaziko kantonamenduan, %5,75 eginez.
Hala ere, esan behar da EAJ ez dela kantonamendu guztietan aurkeztu. Bastidan sostengua eman dio EAJk Leopold Darritchoni, baina horrek ez du bigarren itzulian egoteko aski bozik eskuratu. Hazparnen, berriz, Beñat Intxausperi (Forces 64) eman dio sostengua EAJk, eta hautagai hori lehen itzulitik Konseilari Nagusia izan den bakarra izan da. Bozen %50 baino gehiago jasoz lortu du kontseilari aulkia Intxauspe Forces 64ko hautagaiak. Hori dela eta, duela sei urte hartu zuen aulkia mantenduko du.
Iñaki Zaldunbide Angelu Zain taldeko ordezkariak porrot latza pairatu du Angelun. Zortzigarren postuan gelditu da bozen %3ra heldu gabe. Angelu Zainek bederen bozen bi heren galdu ditu. Zaldunbidek porrot horren arrazoiak aztertuko dituela nabarmendu du. Dagoeneko adierazi du ez dituela bildu EH Bairen bozak, horren sostengua ez delako argia izan. Angelu Zainek eskuin frantsesarekin gobernatu zuen Angelu, alderdi sozialistak herriko etxea eskuratu arte.
Sozialistak gelditu dira orain lehen Angelun, bozen %30,48 lortuz, baina puntu bakarrera dute UMPko hautagaia. Nabarmentzekoa ere eskuin muturreko Fronte Nazionalak egin duen emaitza, 8,98. Logikak agintzen du eskuinera lerratu beharko liratekeela boz horiek, baina UMPrekiko harremanak eta bozak emateko aukerak aski korapilatsuak izaten dira tokian tokiko errealitatean. Zentrista independenteen bozak eskuratuko ditu UMPk. Sozialistek, berriz, Ezkerreko Frontearen eta Europe Ecologie-Berdeen sostengua ukanen dute, azken horiek herriko etxearen gidaritzan baitaude gaur egun.
Baionan sozialistak izan dira nagusi, eta Miarritzen Max Brissonekin lehiatuko dira
Baionako hiru kantonamenduetan lehen indarra atera da Alderdi Sozialista. Baiona ekialdean bozen % 26,88 lortu dituzte sozialistek, mendebaldean % 27,77 eta iparraldean % 28,12. Baiona iparraldean, Ezkerreko Fronteak 2004an galdu aulkia berreskuratzea zuen helburu, baina ez da hala gertatuko, sozialisten atzetik gelditu direlako, bozen %19,65 lortuz.
Baiona Mendebaldean duela sei urte kontseilariaren aulkia lortu zuen Monique Larran-Langek ez ditu aldi honetan emaitza onak lortu. Henri Etxeto sozialistak bai, ordea. 2004an Alderdi Sozialistaren zerrendaburu aurkeztu zen Larran-Lange, eta 2008an zentrorantz egin zuen urratsa, Forces 64 alderdiko kide bilakatuz. Badirudi horri begira ere zigortu dutela bozkatzaileek eta 2004an bezala sozialistei eman dutela bozka.
Miarritzen sozialistak Max Brissonekin lehiatuko dira bigarren itzulian. Izan ere, Brisson UMPko hautagaiak bigarren itzulia beharko du Kontseilari Nagusi postua atxikitzeko. Brissonek bozen 34,52 lortu du, duela sei urte baino %9 gutxiago. Zentroko eta eskuin alderdietako bozak lagun ukan ditzake Brissonek, PSak ez bezala. EH Baik bozen %4,86 lortu du Miarritzen eta EAJk emaitza txarra ukan du, %1era heldu gabe.
Bastidan ere UMPko hautagaia eta PSrena lehiatuko dira. Jean Castaings (UMP) kontseilariak eta Kontseilu Nagusiko presidenteak bozen %36,9ak lortu ditu. Bigarren itzulian, Thierry Dekimpe sozialisten hautagaiarekin lehiatuko da. Haatik, aitzineko aldiari konparatuz, Leopold Darritxonek ez du aldi honetan bigarren itzulira pasatzea lortu Bastidan, bozen %18,8ak lorturik. EH Baik %15,7 lortu du.