Kantonamenduetarako bozak

EH Bairen itaunei erantzun diete UMP, PS eta Forces 64 alderdietako buruek

Atzo plazaratu zituen erantzunak EH Baik, irakurketarik egin gabe, «bozkatzaileen iritzia ez bideratzeko»

Daniel Harotzaren eta Xabi Larralde, atzoko agerraldian. BERRIA.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Kontseilu Nagusian Alderdi Sozialista, UMP eta Forces 64 alderdien presidente direnei, EH Baik egin lau galderak zehatzak ziren; erantzunak, haatik, ez hainbeste. Nahiz Bai ala Ez hitzekin erantzutea aski izan, luzatu dira hirurak; hitz eta esaldi bakoitza ontsa kalkulatu dituzte, eta batzuetan galderari erantzutea ahantzi dute. Erantzunak plazaratu zituen atzo EH Baik. Haatik, ez zuten haien irakurketa aurkeztu, «bigarren itzuliari begira bozkatzailearen iritzia ez bideratzeko», Xabi Larraldek eta Daniel Harotzarenek zehaztu zutenez.

1. Instituzioa

Sei hilabete barne, Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionalari buruzko eztabaida Pauera eramanen ote duten galdatu, eta Jean Jacques Lasserrek (Forces 64) du argiki eman baietza eta Max Brisson (UMP) ez da aurka agertu. Georges Labazeek (PS) ezagupen instituzionalaren gaiari «esparru legal» bat eman nahi duela erranik, sozialistak gogoetatzen dabiltzan dezentralizazioaren 3. aktari buruzko eztabaidetan parte hartzeko gomita egin dio EH Bairi. 2012an Frantziako Presidentzialetarako bozketetan garaile badira, orduan planteatuko dute lurralde berrantolaketa hau. Orduan, «beste lurralde batzuen gisara, Euskal Herria esperimentazio gune izan daitekeela» zehaztu du. Urte bat barne, ezagupen instituzionalari buruzko kontsulta antolatzeko engaiamendua hartzen duten eskatu, eta inork ez du argiki erantzun, nahiz inork ez duen ezezkoa erran. Lasserrek dio kontsulta aitzin, «zehazkiago definitu beharra» dela instituzioa.

2. Ofizialtasuna

Departamenduan euskarak ofizialtasuna baduela adierazteko mozio bat proposatuko ote duten galdatu diete bigarrenik. Brissonen ustez, «sinbolikoa» litzateke baina «egingarria» dela dio. Gehitzen du, egunerokoan, euskararen erabilera garatzea «inperatibo» bat dela, eta Kontseilu Nagusiak «etsenplua eman beharra» duela. Lasserrek «laster» egin daitekeela dio, eta «koofizialtasuna erabat hausnartua edo gogoetatua» izan daitekeela. Brissonen gisa, oroitarazi du euskararen alde Kontseilu Nagusiak egindakoa, gehituz «urrunago» joanen direla, «nahi duten guztiek hizkuntza hau naturalki erabili ahal izan dezaten». Nahiz zehaztu «garrantzi handia» dutela euskararentzat, ez du galderari erantzun Labazeek; EEPk egin lana goraipatu du.

3. AHT

AHTaz, Kontseilu Nagusiaren eta estatuaren artean den protokoloaren ez izenpetzera engaiatzen ote diren galdatu diete, eta, horrekin batera, ea egitasmo horri zuzenduriko aurrekontua gizarte politikarantz eta enplegu iraunkorrei buruz baliatzea onartzen ote duten. Lasserrek du argiki erantzun baietz, eta berretsi AHT bide berriaren aurka dela. Brissonek eta Labazeek ez dute erantzun. Haatik, Brissonek zehaztu du UMPn ez dagoela iritzi bakarra, eta Labazeek berretsi egin du AHTaren alde direla.

4. Bake prozesua

Azkenik, galdetu diete zein iniziatiba hartzeko prest diren Euskal Herriak xede duen bake prozesua laguntzeko eta Frantziak manera baikor batez parte hartzeko. Brissonek eta Lasserrek txalotu dute aro politiko berri hau. Lasserrek argiki dio prozesu horretan «urratsak bi aldeetarik izan behar direla» eta bide berri hau eraikitzeko bere laguntza eskaintzeko prest agertu da: «Diskrezioa behar da, eta ez dut molde publikoan eginen, baina berriz diot: pertsona zintzo guztiekin lan egiteko prest naiz, aro berri hau gauza dadin». Horrez gain, ezker abertzaleko «jendeak eta ordezkariak» entzun behar direla zehaztu du. UMPkoak ere erran du prozesuan parte hartu behar duela Frantziak. Horretarako beharrezko den giro politikoa lortzeko, «hautetsi eta alderdi guztien arteko elkarrizketak azkartu» eta «tresna politikoen egituraketa hobetu» behar direla dio.

Labazeek, berriz, uste du kantonamendua baino haratago doala auzia, eta Frantziako eta Europako politikari lotua den gaia dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.