EH Bilduk esan du zaintza itunean arlo horretako eragileak falta direla

Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zainketen aldeko euskal ituna eraikitzeko prozesuari buruz galdetu zion atzo Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Zehazki, prozesu horretan zaintzaren eremuko eragileak mugimendu feminista, zenbait sindikatu eta pentsiodunen mugimendua, adibidez kontuan hartu ez izana egotzi zion, gogoratuta «adostasun sozial zabala» behar dela ituna egiteko. Urkulluk erantzun zion adostasun zabal hori lortu nahian ari direla, Jaurlaritzaren ustez «beharrezkoa» delako zaintza eredua eraldatzea.

Beren programan «lehentasuntzat» dute zaintza: «Eusko Jaurlaritzaren ustez, zaintza herri erronka bat da, guztiok interpelatzen gaitu, eta ezin dugu beste alde batera begiratu». Hala, gogora ekarri du zainketen aldeko euskal ituna eraikitzeko prozesua bultzatzen ari direla: apirilean, Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek akordio bat sinatu zuten, eta hori eztabaida zibilerako mahaira eramanen dute, non hirugarren sektoreko eragile anitz dauden. Eztabaida horren ondoren, foru aldundiekin eta udalekin solastatuko dira.

Etxebarrietak, berriz, erran zuen hori guztia ez dagoela sobran, eta berak ez duela hori auzitan jarriko. «Baina hortik kanpo nor dagoen zalantzan jartzea dagokit». Ildo horretan, nabarmendu zuen eztabaida sozialerako mahaian zenbait sindikaturen, mugimendu feministaren eta emakume pentsiodunen ordezkariak falta direla. Gogora ekarri zituen azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako Bizitzak Erdigunean plataformarekin lanean ari diren zenbait eragile ere.

Euskal gizartea antolatuta dagoela esan zuen Urkulluk, eta antolaketa horretan eragile guztiek dutela lekua. Adierazi zuen, hala ere, prest daudela zaintzaren aldeko euskal itun bat sortzeko lanean aritzeko: «Aurrera egiten jarraituko dugu, sektore eta eragile guztiekin elkarrizketa sustatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.