Amaitu da, gaurkoz, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura saioa Espainiako Diputatuen Kongresuan. Egin dute lehen bozketa, eta PPko presidentegaiak aldeko 172 boto eta aurkako 178 jaso ditu. Ostiralean egingo dute bigarren bozketa, eta orduan nahikoa izango du gehiengo soilarekin. Alderdien hitzaldietatik ondoriozta daitekeenez, ordea, ez dirudi lortuko duenik.
Feijook berak, eta PSOEko, Sumarreko eta Kataluniako alderdietako ordezkariek hartu zuten hitza atzo, eta euskal alderdien txanda izan da gaur goizean. EH Bilduk eta EAJk berretsi dute ez dutela Feijoo Espainiako Gobernuko presidente bihurtzearen alde bozkatuko. Nazio auziari heldu diote bi indar politikoek. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.
Euskaraz eta gazteleraz hartu dute hitza EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak eta EAJko eledun Aitor Estebanek. Kongresuko tribunara igotzen lehena Aizpurua izan da, eta «ezezko borobila» eman dio Feijoori: «Koherenteak gara geure printzipioekin: gure esku badago, ez da egongo gobernu erreakzionariorik, ez Euskal Herrian, ez beste inon».
Azpimarratu du PPk eta Vox alderdi ultraeskuindarrak «proiektu erreakzionario eta autoritario bera» dutela: «Gure nazioaren existentzia ukatzen du. Ez ditu errespetatzen gure hizkuntza (euskara), gure kultura, gure sentimenduak eta gure balioak. Zuen proiektuak matxismoa ukatzen du, eta feminismoari eraso egiten dio. Pluraltasuna eta aniztasuna ukatzen ditu. Lan eskubideak, pobrezia eta prekaritatea ukatzen ditu. Azken finean, gure nazioetako gehiengoak eskuratu nahi duen etorkizun politiko eta soziala ukatzen duzue».
Nabarmendu du Euskal Herria eta Katalunia izango direla «bloke atzerakoia» Moncloako jauregira iristea eragotziko dutenak, eta Espainiako Estatuan ez dela posible «gobernu progresistarik» Euskal Herriko eta Kataluniako ezker subiranistaren konkurrentziarik gabe. Alde horretatik, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezi mintzatu zaio: «Espero dugu inbestidura aurrera ateratzeko asmoa duenak aldi historiko honen garrantzia ulertzea. Agenda plurinazionala eta soziala aintzat hartu ezean, ez da posible izango ultraeskuinaren agenda erreakzionarioa gelditzea; soilik atzeratzea lortuko litzateke. Egiturazko aldaketa demokratikoak eta egungo eredua eraldatuko duten politika sozial aurrerakoiak beharko ditugu».
Aizpuruak uste du «ziklo politiko berri bat» has daitekeela, eta «estaturik gabeko nazioen lurralde gatazkari» erantzun beharko liokeela. «Bide demokratiko berriak zabaldu nahi ditugu, hitza errespetatzean eta gure herriaren erabakian oinarrituta», azaldu du Aizpuruak.
Akordiorik ez
Aizpurua tribunatik jaitsi denean, Esteban igo da. PPko diputatuen eserlekuen aurretik igarotzean, «berdinak zarete», esan dio diputatu batek. «Ez gara berdinak, ez. Zorionez», esan dio EAJren eledunak. Hain zuzen, EH Bilduri mintzatu zaio hasieran: «Bildu kanpainan zehar etengabe zabaltzen aritu zen EAJk akordioa eginda zeukala PPrekin eta Voxekin. Bildurentzat, zilegi da gezurra tresna politiko gisa erabiltzea; EAJrentzat, ez. Ez da akordiorik egon».
Feijoori esan dio ez dutela haren inbestidura babestuko, Vox ekuazioaren parte delako, besteak beste. «Ez dira demokratak», esan du Voxi buruz, eta hau aitortu: «Euskal gizarteak ez luke ulertuko PPren eta Voxen alternatiba erraztuko bagenu, geure hitza jango genukeelako eta legealdia kudeatzeko ezinezkoa izango litzatekeelako. Hori nahikoa da gure botoa erabakitzeko; EAJk hitza betetzen du». Estebanen ustez, ez litzateke «ona» izango ultraeskuina normalizatzea: «Espainiako Gobernua Voxen menpe egotea seinale negargarria izango litzateke Europarentzat».
Gaineratu du PPren diskurtsoa «kezkagarria» dela, «bide judiziala eta gizarte konfrontazioa» baliatzen dituelako Euskal Herriko eta Kataluniako «errealitate nazionalei»erantzuteko. «Euskal nazio bat dago, existitzen segitu nahi duena. Gure hizkuntzak eta eskubide historikoek frogatzen dute hori», jakinarazi dio Feijoori. «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela esan du Estebanek: «Adostu beharko da, gobernu zentralak eta Euskadik eta Kataluniak datozen hamarkadei eroso aurre egin ahal izateko. Egonkortasun ortzi muga bat marraztu behar da».
Estebanek, bukatzeko, esan du EAJren iparra «Euskal Herriaren iraupena eta askatasuna» direla.
Errespetua
Feijook aldi berean erantzun die EH Bilduri eta EAJri, baina nabarmendu du ez direla gauza bera: «Nik EAJ errespetatzen dut; EH Bildu, ez. EAJ alderdi instituzional bat izan da hamarkada luzez, eta kudeaketa gaietan bat etorri gara. Bildu da Espainian babes hesia jarri beharko litzaiokeen alderdi bakarra. PSOEren estrategia da Bildu zuritzea, eta aitortu behar da lortzen ari dela».
Esan du «kezka» eragingo liokeela EH Bilduk haren alde bozkatzeak: «EH Bilduren botoak Sanchezi utziko dizkiot. Nik ez ditut nahi». Koalizio «erreakzionario» bat dela esan du, eta ezin dela «adiskidetzerik» egon «alde batek barka diezaiotela nahi badu barkamenik eskatu gabe». Estebani «kontuz ibiltzeko» esan dio: «EH Bildu lasterketa irabazten hasi zaizue».
Ostiralean egingo dute azken bozketa, gehiengo soilez, eta, egoera politikoa deskribatzeko, Estebanek gogora ekarri du Maratongo gudua. Feijook erreferentziari heldu dio: «Ez nuen aurreikusia politika nazionalaren maratoian parte hartzea, baina egin dudan lehen lasterketan lehena izan naiz». Dena den, aurreikuspen guztien arabera, ez du aldeko boto nahikorik izango gehiengo soilez ere, eta ez du lortuko Espainiako Gobernuko presidente bihurtzea.