EH Bilduk eta EBk begi onez ikusi dute elkarlanean aritzeko aukera

Alderdiekin eta gizarte eragileekin abiatutako harreman dinamikaren barruan bildu da koalizioa EBrekin

EH Bilduko eta EBko ordezkariak, atzoko bileran. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
EH Bilduk bat etortze handiak aurkitu ditu mintzaidearekin, Ezker Batuarekin, gainerako alderdi politiko eta gizarte eragileekin abiatutako bilera saioetatik lehenengoan. Atzo bildu ziren bi indar politikoetako ordezkariak, eta alde bateko zein besteko mintzaideek ondoren azaldu zutenez, «kointzidentzia handiak» aurkitu zituzten aurrera begirako erronka nagusietan: gai ekonomikoetan «ia ehuneko ehunean» daude ados, Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, eta bakegintzari dagokionez ere, oso handia da bat etortzea.

Hemendik aurrera, harreman iraunkorrak izango dituzte, hargatik. Zenbait alorretan elkarlanean aritzeko aukera ere ikusi dute, biek uste baitute ezkerreko indarrak batu beharra dagoela. Areago, Mintegik jakinarazi du ezkerrekoak diren «milaka herritar» Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu direla-eta horien ahotsa entzunarazten saiatuko dela, besteak beste, EBri, Ezker Anitzari zein Equori botoa eman ziotenen aldarriak ezerezean geratu ez daitezen.

«Garrantzitsua da bidelagunak lortzen saiatzea aurrera eraman nahi ditugun proiektuetan», adierazi du Mintegik. Hortaz, datorren legealdiko erronka nagusiei aurre egiteko koalizioak landu dituen oinarrien berri ematen hasi da. Eta emankorra izan da lehen harremana: arlo sozioekonomikoan bat etortzea erabatekoa izan da ia, eta normalizazio politikoari dagokionez ere bai. Biek dute argi Aieteko «bide orriari» jarraitu behar zaiola.

Biak ere erabakitzeko eskubidearen alde daude. «Egia da haiek federalistak direla eta gu subiranistak, baina galdetzeak ez dakar erantzun jakin bat, eta galdetu beharra argi ikusten dugu guztiok», azaldu du Mintegik.

Jose Navas EBko buruzagiak elkarlanerako aukera txalotu du: «Sindikatuen artean lan batasunaren alde egiten den bezala, koherentea da ezkerreko indarren artean batasun hori jorratzea». Zehaztu duenez, «etorkizunean EH Bildurekin elkarlan bat abiatu ahalko dugu Aieteko Adierazpenaren inguruan, eta ekonomian ere bai, euskal ezkerraren balioetan oinarrituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.