Mobilizazioa

EH Bilduk «itxaropen aktiboa» eskatu du, eta azaroaren 12rako Bilbon mobilizatzera deitu du

Egungo testuinguruak egiturazko neurriak eta mobilizazioa eskatzen dituela azpimarratu du koalizio subiranistak, eta «euskal olatua» sortzeko dei egin du «krisiek sortutako hormak» eraisteko.

Azaroaren 12ko mobilazioa iragartzeko EH Bilduk egin duen agerraldia, gaur goizean, Ibarrangeluko Laida hondartzaren gainean (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko irailaren 23a
13:42
Entzun 00:00:0000:00:00

«Jada ez da nahikoa gain behera doan sistema honek sortutako injustiziak baretzeko neurri aringarri batzuk hartzea. Egoera honek egiturazko neurriak eskatzen ditu, egiturazko erabakiak eskatzen ditu. Eta, horrekin batera, mobilizazioa eskatzen du; mobilizazio handiak». Hala adierazi du Unai Urruzuno EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ondokoak gaur, eta, hain justu, horretarako parada eman nahi duela azaroaren 12an Bilbon Abante lelopean egingo duten mobilizazioak. Ibarrangeluko Laida hondartzaren gainean egin du EH Bilduk ekitaldi hori iragartzeko agerraldia, eta ez dute ausaz aukeratu lekua. «Mundu osoan ezaguna den ezker olatua» bertan hasten dela adierazi du Urruzunok, eta, hari keinu eginez, «euskal olatua» martxan jartzeko dei egin du, «krisiek sortutako hormak gainditu ahal izateko».

Egungo testuinguruari buruz hedatzen ari diren diskurtsoak auzitan jarri ditu Urruzunok. Adierazi duenez, «ekaitza» iragartzen dute hainbat agintari politikok, «egoera hau fenomeno meteorologiko gisa» aurkeztuta, «kasualitate bat izango balitz bezala». Halako iragarpenen xedea «etsipena» hedatzea eta halako testuinguru batean «inondik inora hartu ezin diren erabakiak auzitan ez jartzea» da, ordea, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez. Aitzitik, egungo egoera politika jakin batzuen ondorio dela nabarmendu du: «Elite ekonomiko batzuen mesedetara hartu diren erabakiek ekarri gaituzte egoera honetara, bai maila globalean, bai maila lokalean. Erabaki politikoak bankuen, energia enpresa handien eta multinazionalen zerbitzura hartu dira, eta, haiek inoizko irabazirik handienak badituzte ere, milaka eta milaka herritarrek ezin diote aurre egin prezioen igoera jasanezinari».

«Aldaketarako aukera» badagoela esan du Urruzunok, hala ere, eta «itxaropen aktiborako unea» dela oraingoa. Horixe azpimarratu du gaurko agerraldian irmoen, eta zehaztu du «ekaitzari aurre» egitekotan, «independentismotik, subiranismotik eta ezkerretik» egin beharko zaiola: «Ezker independentismoak badu ekaitz honi aurre egiteko txalupa sendoa, badu eskifaia eta badu iparrorratza argi zehaztua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.