Alderdiak

EH Bilduk «manifestazio nazionalera» deitu du azaroaren 18rako, Bilbon

Ordurako, «beste hauteskunde batzuetarako deia ala PSOEren eta Sumarren gobernu bat» egongo da Madrilen, eta koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du «auzi nazionalen inguruan abiatu den eztabaidan egon behar duela Euskal Herriak ere». EAJko eta PPko ordezkariak elkartuko dira gaur, eta Estebanek berriro ezetza helaraziko die Feijooren inbestidura dela eta.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko irailaren 18a
12:37
Entzun

EH Bilduk «kalera» ateratzeko deia egin die herritarrei, azaroan 18rako, Bilbon. «Manifestazio nazionala» egiteko garaia dela uste du koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Espainian «eztabaida zentral bat» abiatu baita jada «lurraldetasunaren inguruan». Azaroaren 18rako Pedro Sanchezen gobernu bat egongo da Madrilen, ala hauteskundeak berriz egiteko dei bat. Hala ziurtatu du Otegik, eta herritarrak kalera ateratzeko garaia dela azaldu du, «arazo nazionalei irtenbide demokratikoa ematearen alde».

Izan ere, koalizio abertzaleko buruak esplikatu du Espainiako eskuina eta eskuin muturra ez direla kalera aterako amnistiaren aurka soilik, «78ko erregimenaren alde baizik». Otegik dio euskal herritarrek «rol zentral bat» jokatu behar dutela abian den eztabaida garrantzitsu horretan, «eredu autonomikoa erabat agortuta» ikusten baitu, eta Sanchez Moncloara eramateko funtsezkoak izango baitira «indar plurinazionalak».

Hori guztia kontuan hartuta deitu du manifestazio nazionalera EH Bilduk, «Euskal Herriak arazo nazionalentzako irtenbide demokratikoa» eskatu behar duelako, Otegiren ustez.

Inbestiduraren itzalean

Otegik erreparatu dien indar plurinazional horien artean dago JxCat, eta, gaur bertan amnistia eskatzeaz gain, Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko aldebakartasunari uko ez egiteko helburua finkatu du, PSOErekin abian duen negoziazioari begira. Otegik esan du ez duela ezer esateko Puigdemont Generalitateko president ohiari, baina, oro har, baduela mezu bat: «Guk isiltasun zuhur bati eusten diogu. Artisau obra bat egiten ari gara, baina pilota PSOEren teilatuan dago. Hobe dugu zarata gutxi eta lan asko egiten badugu».

EH Bilduk inbestidurako negoziazio horietan egin dituen eskaeren inguruko galderari erantzunez, koalizioko buruak ziurtatu du «ohiko politikan lerro gorriak» jartzea normala dela: «Ez da gure estiloa».

PSOEko hautagai Pedro Sanchezen inbestidura saio horren aurretik, PPko hautagai Alberto Nuñez Feijoorena egingo da Espainiako Kongresuan, eta horri begira bilera bat egingo dute bihar Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak eta Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramaileak. Berriro ezetza emango dio Espainiako eskuinari EAJko presidente Andoni Ortuzarrek, gaur bertan berretsi duenez, «baina beti hitz egin behar da», erantsi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du ez direla «nahia eta errealitatea» nahastu behar, eta aditzera ema n du Sanchezen inbestidurako negoziazioak ez doazela EAJk nahi lukeen bezain azkar.«Urduritasun gerra bateko fasean» ikusten ditu negoziazio horiek EAJko buruak, eta gako bat eman du egoera ulertzeko: «Nork du beldur handiagoa hauteskundeak berriz egiteko?». Aldagai horrek jartzen die erritmoa negoziazioei, haren arabera.

Batera edo bestera, Ortuzarrek ohartarazi dio PSOEri «soilik inbestiduraz» hitz egin nahi duela, «eta ez legealdiaz». Hau da, nabarmendu duenez, Sanchez Espainiako presidente egiteko, aurretik jakin behar dute zertarako nahi duen presidente izan. «Soilik eskuinak ez gobernatzea ez baita nahikoa arrazoi», Ortuzarren arabera. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkekin zer egin nahi duen azaldu behar duela erantsi du, EAJren babesa lortu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.