EH Bilduk manifestazioa egingo du larunbatean murrizketen aurka

Bilbon izango da protesta 17:30ean, 'Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa' lelopean

Oskar Matute, Rebeka Ubera, Unai Ziarreta eta Maribi Ugarteburu, Bilbon atzo eginiko prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Banka eta kapitalaren interesek gobernatzen duten Espainiarekiko menpekotasuna hausteko garaia dugu». Horixe erakutsi dute, Euskal Herria Bildu koalizioaren ustez, Espainiako Gobernuak iragarri dituen azken murrizketek. «Erabateko burujabetzarako bideari ekiteko ordua heldu da, bestelako parametro sozioekonomikoekin eraikitako Euskal Herria erdiesteko», adierazi du Rebeka Uberak EH Bilduren izenean. Koalizioko gainontzeko alderdietako ordezkariak alboan dituela esan ditu horiek Aralarrekoak; Alternatibako Oskar Matute, EAko Unai Ziarreta eta ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu ondoan dituela. Murrizketei aurre egin eta burujabetza aldarrikatzeko, manifestaziorako deia egin du.

Burujabetza, «bide bakarra»

Izan ere, koalizioaren ustez, burujabetza da aurrera egiteko «bide bakarra». Uberaren hitzetan, «Estatutik inposatu dizkiguten azken murrizketek agerian utzi dute Estatutua eta Foru Hobekuntza ez direla tresna baliagarriak babes sozialean, krisiari aurre egiteko neurrietan eta zerga sisteman politika propioak egin ahal izateko». Horregatik dio «burujabetzaren ordua» dela: «Euskal gizarteak bere tresna propioak izan behar ditu, eredu ekonomiko eta soziala eraiki ahal izateko; hau da, herria eta gizartea eraiki ahal izateko».

Behar hori gauzatu ahal izateko ezin dela «hitz hutsetan» geratu sinetsita, mugitzeko deia egin du. Gizarte eragileek eta gehiengo sindikalak mobilizatzeko egindako deialdiekin bat egin, eta nazio manifestazioa antolatu du datorren larunbaterako. 17:30ean abiatuko da protesta Bilboko Jesusen Bihotzetik, Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa lelopean. Bertan parte hartzeko eskatu die herritarrei, «guztien eskubideak direlako jokoan daudenak eta elkarrekin lan eginez bakarrik lortuko dugulako murrizketak geldiaraztea».

«Estatuaren zentralismoa»

EH Bilduk ohartarazi du PPren gobernuak hartutako neurriak ez direla ezerezetik sortu: Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak hartutako bidean sakontzea besterik ez dela iruditzen zaio. Eta erasotzat du bide hori, bi ikuspegitatik: «ongizate estatua desegiten» duelako, eta «Estatuaren zentralismoan sakontzea» dakarrelako.

Ekonomikoki «lapurreta» dira Raxoiren gobernuak hartutako neurriak, Uberaren esanetan; «modu berezian erasotzen die herritar xumeenei, langabeei, emakumeei, gazteei, pentsiodunei, menpekotasuna dutenei eta lan prekarioak dituzten herritarrei». Hortaz, murrizketak sistema publikoa eta ongizate estatua desegitera datozen «eraso sozial orokorra» direla dio.

Baina ez hori bakarrik. Krisiaren «aitzakiarekin» Espainiaren zentralismoa indartu nahia ere ikusi du EH Bilduk neurrien atzean, «estatu osoa Moncloatik gidatu nahi delako».

Horri guztiari aurre egiteko deia egin du, horretarako indarrak batzeko eskatuta. «Badakigu gure helburuak gauzatzeko aukera bakarra alderdi politikoen, eragile sozial eta sindikalen arteko koordinazioa dela, eta, batez ere, herritarrei protagonismoa ematea».

Urkulluren muturreko kezka

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari «muturreko kezka» eragin dio Espainiako Gobernuaren jarrerak. Urkulluk adierazi du kezkarik handiena krisia gainditzeko «bide orririk» ez izateak sortu diola, Efe Espainiako berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

PPren murrizketekin 60.000 milioi eurotik gora aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Urkulluk ohartarazi duenez, Europak Espainiari emango dion laguntzaren kopuru bera. Lotura zuzena ikusi dio horri.

Beste zerbaitek ere mindu du Urkullu: «EAJ urtetan ari da Moncloako Itunaren antzekoak proposatzen eta diagnosi partekatua egin ondoren krisiari aurre egiteko laguntza osoa eskaintzen, baina ez zaio entzun ere egin». Beraz, PPk «inposatutako» neurriak ez dituela onartuko esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.