Zaintza

EH Bilduk ohartarazi du zaintza eragilerik ez dabilela zainketen aldeko euskal ituna eraikitzen

Prozesutik kanpo gelditu dira mugimendu feminista, hainbat sindikatu eta emakume pentsiodunak, erraterako.

Oihana Etxebarrieta, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 3a
11:45
Entzun

Zainketen aldeko euskal ituna eraikitzeko prozesuari buruz galdetu dio Oihana Etxebarrietak (EH Bildu) Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, kontroleko osoko bilkuran. Zehazki, prozesu horretan zaintza eragileak –mugimendu feminista, zenbait sindikatu eta pentsiodunen mugimenduan dauden emakumeak, adibidez– kontuan ez hartu izanaz; betiere, gogoratuta «adostasun sozial zabala» behar dela ituna egiteko.

Urkulluk, baina, erantzun dio adostasun zabala lortu nahian ari direla, Eusko Jaurlaritzarendako zaintza eredua eraldatzea «beharrezkoa» delako. Beren programan lehentasuntzat dute zaintza: «Eusko Jaurlaritzaren ustez, zaintza herri erronka bat da, guztiok interpelatzen gaitu, eta ezin dugu beste aldera begiratu». Hala, adierazi du zainketen aldeko euskal ituna eraikitzeko prozesua bultzatzen ari direla: apirilean, Jaurlaritzak, Confebask erakundeak, eta CCOO eta UGT sindikatuek akordio bat sinatu zuten, eta hori eztabaida zibilerako mahaira eramanen dute, non hirugarren sektoreko eragile anitz dauden. Eztabaida hori izan eta gero, instituzioekin solastatuko dira, foru aldundiekin eta udalekin.

Etxebarrietak, berriz, erran du hori guztia ez dagoela sobera, eta berak ez duela hori zalantzan jarri. «Baina hortik kanpo nor dagoen zalantzan jartzea dagokit», borobildu du. Ildo horretan, erran du eztabaida sozialerako mahaian zenbait sindikatu, mugimendu feminista eta emakume pentsiodunen ordezkariak falta direla. Azaroaren 30eko grebarako Bizitzak Erdigunean plataformarekin batera lanean ari diren zenbait eragile ekarri ditu gogora, bertzeak bertze: pentsiodunen mugimendua, Salhaketa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Euskalgintzaren Kontseilua, Ikama, Ernai, Gure Esku, Mugarik Gabe, AEK, SOS Arrazakeria, Emagin, ELA, LAB edo Steilas.

Euskal gizartea antolatuta dagoela onartu du Urkulluk, eta antolaketa horretan eragile guztiek badutela beren lekua. Adierazi du, hala ere, prest daudela zaintzaren aldeko euskal akordio baten alde lan egiteko: «Aurrera egiten jarraituko dugu, sektore eta eragile guztiekin elkarrizketa sustatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.