Nafarroako Gobernuaren osaketa

EH Bilduk uste du Txibiteren inbestidurak balio dezakeela «aurrera egiten jarraitzeko»

Gaur goizean batu dira EH Bildurekin PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa beren gobernu osaketarako akordioa azaltzeko.

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu osaketarako akordioa aurkeztu diote EH Bilduri gaur goizean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko abuztuaren 9a
11:28
Entzun

Gaur batu dira Nafarroako Gobernurako akordioa sinatu duten hiru taldeak EH Bildurekin. Bileran itunaren nondik norakoak azaldu dizkiote koalizio subiranistari. Bertan, Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako eledunak jakinarazi du «pozez» hartu dutela akordioaren albistea. Adierazi du akordioa aztertzeko eta baloratzeko denbora gehiago beharko dutela.

Bestalde, esan du itunean parte hartu ez dutenez, ez direla sentitzen hari «lotuta». Halere, akordioa ontzat jo du: «Inbestidura izan liteke aurrera egiten jarraitzeko lau urteko bide baten hasiera». Eta koalizio subiranistaren lehentasunak gogorarazi ditu: «Betiko legez, gure asmoak dira eskubideak zabaltzen jarraitzea, zerbitzu publikoak indartzea eta autogobernua sendotzea».

EH Bilduk negoziazioan izan duen jarrera ere azaldu du; zergatik hasieran baiezkoaren alde egiteko prest agertu ziren, eta orain abstentzioaren alde: «Txibiteren inbestiduran baiezkoa bozkatzeko prest geundela publikoki esan genuenean negoziazioak desblokeatzea zen gure asmoa. Asmatu genuela uste dut». Adierazi duenez, oraintxe, negoziazioak «geldirik» zeudela uste zuten. Horregatik, baiezko botoa emateko prest zeudela esatea «arduraz jokatzea» izan zela dio: «Printzipio kontua zen, hauteskundeak berriro egitea edo eskuina joko zelaian sartzea ekiditeko».

Gaurko bilera 09:00etan hasi dute, eta bertan izan dira, Aznalez gain, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Miren Zabaleta. Beste hiru alderdietatik, berriz, hauek hartu dute parte: PSNtik Ramon Alzorrizek eta Jorge Agirrek; Geroa Baitik Maria Solanak, Pablo Azkonak zein Mikel Asiainek; eta Zurekin Nafarroatik Begoña Alfarok eta Carlos Guzmanek.

Lankidetzan azpimarra

Alzorrizek jakinarazi du PSNk asmoa duela EH Bildurekin legegintzaldi honetan lortutako akordioetan «sakontzen» jarraitzeko: «Gure lehentasunek eta eurenek bat egin dezakete». Geroa Baiko Azkonak azpimarratu du «indar aurrerakoiek» elkarlanean jarduteak duela garrantzia. Eta Zurekin Nafarroako Alfarok ere lankidetzaren alde egin du: «EH Bildu hirugarren indarra da, eta beharrezkoak dira; ez soilik inbestidurarako, baita datozen laur urteetan lankidetzan jarraitzeko ere».

Bestalde, EH Bilduko militantzia gauerditik ari da erabakitzen Maria Txibiteren inbestiduran abstentzioaren alde egingo duen. Behin negoziazioak desblokeatuta, aukera horren alde egin du koalizioak. Orain, militanteek dute hitza. Bihar arteko epea dute galdeketa erantzuteko, eta bihar bertan jakinaraziko dituzte emaitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.