Politika

EHAK: "Espainiako Konstituzioa onartzen ez duenak ez dauka eskubiderik"

Nekane Erauskinek azpimarratu du azkeneko bost urteetan zortzi alderdi edo elkarte politiko legez kanporatu edo baliogabetu dituela Espainiako Justiziak. Atzo EHAK utzi zuen legetik kanpo Auzitegi Gorenak.

2008ko irailaren 19a
14:03
Entzun
EHAK alderdia ere legez kanpo utzi zuen atzo gauean Espainiako Auzitegi Gorenak, eta erabaki hori salatu du gaur Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak: "Hemen gertatzen dena ez da gertatzen Europan inon. Izan ere, azkeneko bost urteetan zortzi alderdi [edo elkarte] politiko legez kanporatu [edo baliogabetu] dituzte". Erauskinek Euskadi Irratian goizean esan duenez, "erabaki politikoa" izan da EHAK legez kanpo uztea, "eta jantzi juridikoa jarri diote".

Ondoren alderdiko bederatzi legebiltzarkideetatik zazpik agerraldia egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. "Espainiako Konstituzioa onartzen ez duenak ez dauka eskubiderik bere ideia politikoak defenditzeko. Legez kanpo uzten dute", esan dute. Berriz ere "milaka euskal herritar eskubide zibil eta politiko gabe" geratu direla azpimarratu dute. "Horrek frankismoaren eta faxismoaren garai ilunenetara garamatza".

Asteartean, berriz, EAE-ANV alderdia utzi zuen legez kanpo Gorenak. Herenegun, Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak utzi zituen hala Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Atzo iluntzean oharra kaleratu zuen Auzitegi Gorenak, eta bertan iragarri zuen 61. areto bereziko hamasei magistratuek aho batez erabaki dutela EHAK legez kanpo uztea, Espainiako Alderdien Legea beteta. Hortaz, Gorenak aintzat hartu ditu Fiskaltzaren eta Espainiako Abokatutzaren eskariak. EHAKren alegazioak aztertzen herenegun hasi ziren, eta bi egun aski izan dituzte erabakia hartzeko.

Alderdien Legeak aurreikusitako "mota guztietako ondorioak" aplikatuko zaizkio legez kanpo utzitako alderdiari. Ondorio horiek bi dira, nagusiki: haren jabetzak enbargatzea eta jarduna desegitea. Azken horrek, ordea, ez du eragin handirik praktikan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak otsailaren 8an eten baitzuen EHAKren jarduna, hiru urtetarako. Orduz geroztik, debekatua du manifestazioetara deitzea eta diru laguntzak jasotzea, besteak beste.

Sumario horren zati bat EAEko Auzitegi Nagusia ari da aztertzen, Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi auzipetuak legebiltzarkideak izaki forudunak direlako. EAEko Auzitegiak auzi osoa pasatzeko eskatu dio Garzoni, berari dagokiola iritzita. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza ere horren alde agertu da.

Ezker Abertzalea taldeaz

Auzitegi Gorenak EHAK legez kanpo utzi du, baina ez du, oraingoz behinik behin, Eusko Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeaz ezer esan. Aurrekari bat badago, orain bost urtekoa. Auzitegi Gorenak HB-EH-Batasuna legez kanpo utzi zituen, eta ekainaren 24an Legebiltzarrari autoa bidali zion, Sozialista Abertzaleak (SA) taldea desegiteko agintzeko.

Orduko hartan, Legebiltzarrak ez zuen desegin SA. Juan Maria Atutxa presidenteak argudiatu zuen Legebiltzarreko taldeak aurka agertu zirela, eta berak ezin zuela horren aurka egin. Desobedientzia egotzita epaitu eta zigorrak ezarri zizkieten Atutxari berari eta Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao mahaiko kideei.

Orduan egindakoa ikusita, pentsatzekoa da orain ere Ezker Abertzalea taldeaz autoa kaleratuko duela Gorenak eta Legebiltzarrari aginduko diola taldea desegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.