Euskara gero eta ahulago dagoela eta erdarak indar hartzen ari direla. Ondorio hori atera du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak ikasturtearen hasieran egindako batzarrean. «Frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esaten hasi gara», ohartarazi dute, eta hizkuntza horiek ari direla indartzen. Abertzaleei gogoeta egiteko eskatu die EHEk: «Herri euskalduna eraikitzea bigarren mailan jarri da. Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen».
Nazio batzarra egin zuen atzo EHEk Durangon, Bizkaian. Ikasturterako helburuak finkatzeko batu ziren herrietako eragileak. Onartutako nazio plangintzan, «asimilazio prozesua» hartu dute hizpide EHEko kideek; azaldu dute «helburuak lortzen» ari direla Espainia eta Frantzia. «Euskara berezko hizkuntza bakarra dela esatea baino atseginago egiten zaigu euskara eta erdarak bertako hizkuntza direla esatea».
Hor galtzaile da euskara, EHEren iritzirako. Euskaraz ez dakiten herritarrek ez baitute beharrezko ikusten euskaraz jakitea. «Nortasunari baino gehiago begiratzen zaio praktikotasunari, eta, noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuta borroka horretan». Abertzaleek duten ardura nabarmendu du EHEk: «Lur eremua askatzeko bidean, zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea oso ohiko bihurtu da».
Egoera iraultzea izango du ardatz EHEren estrategiak. Hori adostu dute planean: «Esparru guztietan euskarari lehentasuna ematea da gakoa». Hiru helburu jarri dituzte, horrenbestez: euskaraz bizitzeko hautua indartzea—bidenabar, herritarrei ikusaraziz erabatekoa dela «erdarekiko sumisioa»—, hizkuntz politika burujabea lortzea eta euskarak lehentasunezko estatusa izatea.
Euskaraz bizi leloan oinarrituta egingo dute lan EHEko kideek. «Euskaldunak aktibatzea izango da helburu nagusia». Norbanakoen ekimenetik abiatuta, aldarri kolektiboa osatzeko asmoa dute. «Gure esku dauden esparruetan bidea egitea da helburua, eta euskaraz bizitzeko hautuarekin batera bestelako mailetan aldaketak izan daitezen eragitea». Hizkuntz politika aldatzea, adibidez.
Beste lan bat ere jarri dio bere buruari taldeak: «Herri euskaldunaren aldeko ideologizazioa egin behar dugu». Gaur egungo egoera zein den euskaldunak jabetzea nahi dute. «Euskaraz bizitzen jarraitzen dugu askok oraindik, baina erdarekiko sumisioa barruraino sartuta daukagu». Horretaz ohartuta egin ahalko da aurrera, haien ustez. «Oztopoak neurri batean gainditzen lagunduko digu».
EHEk ohartarazi du «bigarren mailan» utzi dutela euskara talde abertzaleek
«Asimilazio prozesua» abian dagoela dio EHEk: «Frantsesa eta espainiera gure hizkuntza direla esaten hasi gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu