Eneritz Otamendi EHNEko Gipuzkoako lehendakariordearen arabera, bi arrazoi nagusi daude errauste plantaren aurka egoteko, errauste plantek isurtzen dituzten bi gai: dioxinak eta metal astunak, hain zuzen. Adierazi duenez, hondakin horiek, «lurrak eta landareak kutsatzeaz gain, toki horietan bazkatzen diren animaliak ere kutsatzen dituzte, eta, ondorioz, jakien bitartez gizakiengana iristen dira». Azpimarragarria da, Otamendiren arabera, esnea ekoizten duten behietan eta, ondorioz, esnearen kalitatean errauste plantak izan dezakeen eragina: «Esnearekin egindako ikerketetan, beste gai batzuetan baino ehuneko handiagoan aurkitu izan dira dioxinak». Arrazoi hori dela medio, Erresuma Batuan hainbat errauste planta ixtera ere ailegatu dira, Otamendiren hitzetan. Dioxina kopuru hori, koipeetan ere pilatzen da, EHNEko Gipuzkoako lehendakariordearen arabera.
Errauste plantak biztanleengan eta baserritarren ekoizpenean izan dezakeen eragina dela eta, errauste plantaren proiektua sei urtez gelditzeko eskatzea «zentzuzkoa eta beharrezkoa» daEHNEren iritziz, «denbora horretan, Gipuzkoa osorako Zero Zabor programa bat martxan jarri ahal izateko».