Hezkuntza

EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean dago, postuz jaitsi bada ere

Aurreko hiru urteetan, 400 unibertsitate onenen artean egon da, Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen sailkapenean.

Euskal Filologiako fakultatea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko abuztuaren 15a
11:51
Entzun

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak egiten duen sailkapenean, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea berriro agertu da munduko 500 unibertsitate onenen artean, postuz jaitsi bada ere: izan ere, 2020tik 2022ra 400 onenen artean egun da EHU. Eva Ferreira EHUko errektoreak azaldu duenez, ikerketa maila handiko unibertsitateen kolektiboa «gero eta zabalagoa eta lehiakorragoa» da, eta, esaterako, aurten Asiako unibertsitateak indarrez sartu dira sailkapenean, postu garrantzitsuetan.

Munduan dauden 20.000 unibertsitateetatik 2.500 baino gehiago ebaluatu dituzte Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateko adituek, eta mila unibertsitate nabarmenen zerrenda argitaratu dute. Hainbat irizpide erabiltzen dituzte zerrenda osatzeko: Nobel saria eta Matematikako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak izatea, ikertzaile oso aipatuak edo Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak.

EHUk nabarmendu du Espainiaren menpeko lurraldeetan dauden unibertsitateetatik bederatzi baino ez daudela 500 onenen zerrenda horretan, sailkapenean izandako beherakada orokorraren barruan: «Gure posizio erlatiboari eusten diogu Espainiako Estatuko unibertsitateen taldean». Edonola ere, Ferreirak uste du badagoela hobera egiteko aukera: «Handinahia izan daitekeen eta izan behar duen herrialde batean gaude, bikaintasunerako ikerketaren arloan erreferentziazko bere unibertsitatearen posizio erlatiboa hobetzeko». Ferreirak eskertu du EHUko komunitate akademikoak egindako lana «unibertsitate onenen taldean jarraitzeko eta posizioak igotzeko helburuari eusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.