EHUk eskolak euskaraz emateko gai diren irakasle gutxiegi dauzka

Ikasleen %40k ikasketak euskaraz egin nahi dituzte, baina irakasleen herenak bakarrik dira elebidunak

Asier Iturriagaetxebarria.
2006ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ez dauka gaitasunik euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiei eskolak euskaraz emateko. EHUn lehenengoz izena ematen duten ikasleen %40 euskarazko adarrerako matrikulatzen dira, baina unibertsitateko irakasleen herenek bakarrik dakite euskaraz. Horixe ondorioztatzen da EHUn euskarak izan duen bilakaera aztertzen duen txostenetik.

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak txostenaren aurkezpenean esan zuenez, gabeziak non dauden jakiteko balio du azterketak. Halaber, hurrengo urtearen hasierarako EHUko Gobernu Kontseiluari Euskararen Plan Gidaria aurkeztuko diola esan zuen. Gobernu Kontseiluak Plan Gidaria onartuz gero, horren arabera diseinatuko dira euskararako politika guztiak EHUn.

Beste datu batean ere argi ikusten da euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiek ez dutela hori ziurtaturik izango unibertsitate publikoan. Ikasturte honetarako, ikasleen erdiek egin zuten selektibitatea euskaraz. Hala ere, ikasleen %40k egin zuten euskarazko ikasketen alde Unibertsitate Publikoan. Errektoreak esan zuen alde hori zergatik gertatzen den ez daukatela ondo aztertuta, baina berak badituela susmo batzuk: ikasiko duen alorrean lan munduan euskara gutxi erabiltzea zuzenbidearen adibidea jarri zuen, Euskal Herritik kanpoko ikasleak EHUra etortzea eta selektibitatea euskaraz egin dutenek EHUn izena ez ematea.Unibertsitateak euskararen alorrean dauzkan hutsuneak betetzeko balioko du Euskararen Plan Gidariak. Euskaraz ikasi nahi duten ikasleen eta irakasle euskaldunen «desoreka» da gabezietako bat. Plan Gidariak horri eta beste arazo batzuei nola aurre egingo dien zehaztu zuen Perez Iglesiasek. Irakasle eta ikasle euskaldunen arteko «desoreka» barruko eta kanpoko baliabideekin konpon daitekeela esan zuen, baina guztien gainetik, irakasle berriekin lortu nahi du irakasle euskaldun kopurua handitzea. Irakasleriaren batez besteko adina kontuan izanda, laster erretiroa hartuko dute batzuek. Haiek utzitako lekuetan irakasle elebidunak sartzea da Perez Iglesiasen guraria. Irakasle euskaldunen falta oraindik eta nabarmenagoa da osasun ikasketatan (irakasleen %15 bakarrik da euskalduna) eta ikasketa teknikoetan (irakasleen %26 da euskalduna). «Arlo bi horietako gabezia konpontzea ez da hain samurra. Dirua edukitzea ez da nahikoa. Arlo horietan euskaraz jarduteko irakasleak topatzea ez da erraza».

2010. urterako, gradu ikasketa guztiak euskaraz

Arazoak arazo, «laster» irakasle euskaldunen eta ikasleen nahien artean oreka izan daitekeela aurreratu zuen EHUko errektoreak. «2010. urterako %40ren bueltan egon daiteke irakasle elebidunen kopurua». Epe horretarako, EHU Europako Goi Irakaskuntza Esparruaren barruan egongo da, eta ordurako gradu ikasketa guztiak gaur egungo lizentziaturak euskaraz eskaintzea gura du.

Irakasleen prestakuntzan ere sakondu gura du Euskara errektoreordetzak prestatuko duen Plan Gidariak. Perez Iglesiasek esan zuenez, eskolak euskaraz ematen dituzten irakasleen komunikazio gaitasuna hobetzeko ahaleginak egingo ditu Unibertsitateak, horrela beren ezagutza hobeto eta argiago heldu dadin ikasleengana. «Hizkuntza normalizatu batean antzeko zerbait proposatzeak ez luke zentzu handiegirik izango, baina euskara oraindik ez da hizkuntza normalizatua gure gizartean». EHUk berak egindako azterketen arabera, euskaraz ikasten duten ikasle asko kexu azaldu dira irakasleek beren ezagutza azaltzeko duen arazoengatik.Egun, EHUk argitaratzen dituen liburuetatik %44 dira euskaraz. Aldizkarien kasuan, euskaraz argitaratzen direnen kopurua txikiagoa da (%14), baina kasu horretan ingelesez argitaratzen diren aldizkarien kopurua liburuena baino dezente handiagoa da. Liburuak eta bestelako irakaskuntza materiala euskaraz izateko ahalegin berezia egin behar dela deritzo Perez Iglesiasek. Hori dela eta, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaion Plan Gidarian gabezia horri aurre egiteko baliabideak jartzea proposatuko du Euskara errektoreordetzak.Administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZP) arteko euskaldunen batez bestekoa handitzeko, irakasleentzako gordeta daukan planaren antzekoa erabiltzea nahi du errektoreak. Hala ere, langileak euskarazko prestakuntzaren bidez euskalduntzea sakontzea ez duela baztertzen argitu zuen. Dena den, legeak ezartzen duen euskaldunen kopurua EHUk betetzen duela nabarmendu zuen errektoreak. Hala ere, Unibertsitateak bere zerbitzuak euskaraz eskaintzeko plan bat prestatzen ari dela zehaztu zuen.

Europako Batasuna



 

 

Ikasketa planen erdia EHUk berak ezartzeko aukera





Unibertsitate ikasketak Europako goi-ikasketen eremura egokitzeko Espainiako Hezkuntza Ministerioak azaldu dituen asmoekin baikor agertu da aste honetan Jose Ignacio Perez Iglesias EHUko errektorea. Madrilek proposamen «malgua» daukala eta EHUri bere profila ezartzeko «tarte handia» uzten diola esan du.

EHUk ikasketa planen heren bat baino gehiago diseinatu ahal izango duela azaldu du errektoreak. Espainiako Gobernuak lehen hiru ikasturteetako 180 kredituetatik 120 ezartzeko asmoa duela argitu du, eta oinarrizko heziketako 60 eta laugarren urteko guztiak 30 eta 60 artean EHUk zehaztu ahal izango dituela.Autonomia horrekin EHUk Europara egokitutako ikasketen eskaintza zabala izango duela esan du, eta baztertu egin du plan berriek ikasketen eskaintza erdira murrizten dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.