«Palestinako herriaren kontrako genozidioa lehentasunezko auzia da gure unibertsitatean». Hala nabarmendu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak ohar batean. Horiek horrela, etenaldi instituzional bat antolatu dute astelehenerako, Palestinako herriari eta Global Sumud flotillari elkartasuna adierazteko: «Palestinaren kontrako genozidioa dela-eta errektoretza taldeak orain arte adierazitako jarrera instituzionalarekin bat dator etenaldi instituzionalera deitzea, komunitatearen ezinegona eta elkartasuna elkarrekin plazaratzeko».
Etenaldia 11:00etatik 11:30era izango da, eta ordu horretan egingo dituzte protestak ere: Donostiako campusean, Miguel Unamuno parkean; Gasteizen, Letren Fakultatearen atarian; eta Leioan, Jorge Oteiza plazan. EHU Palestinarekin. Stop genocide leloaren bueltan elkartuko dira.
Errektoreak deialdian parte hartzera deitu du unibertsitateko komunitate osoa, eta azaldu du bertan parte hartzeak ez duela inolako eraginik izango irakasleentzat eta ikasleentzat. Horrela, eskolak etetea da asmoa. Halaber, irakasleei eskatu diete etenaldiaren orduan ebaluazio probarik behintzat ez jartzeko.