EHUk ez du «inolako borondaterik» ordezko irakasleen egoera konpontzeko, sindikatuen ustez

LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek adierazi dute unibertsitate legeak modua ematen duela ordezkoek lanaldi osoak izateko.

Ordezko irakasleen protesta bat, iazko irailean, Gasteizko campusean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ordezko irakasleen protesta bat, iazko irailean, Gasteizko campusean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 16a
14:30
Entzun

LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek adierazi dute EHUko errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez dutela «inolako borondaterik» ordezko irakasleen egoera konpontzeko. Bi arazo nagusi dituzte ordezkoek, sindikatuen arabera: lanaldi partzialean aritzera behartzen dituztela, eta «miseriazko» soldatak jasotzen dituztela. Gaur egindako agerraldi bateratuan, EHUri eskatu diote aurkitu dezala gatazka konpontzeko modu bat: «Haien esku dago EHUko hainbeste ordezko irakasleren prekaritate latza konpontzea».

Ordezko irakasleek hilabeteak daramatzate sindikatuekin batera borrokan. Bi greba egin dituzte —bata iazko urrian, eta bestea aurtengo martxoan—, eta haien eskaerak ere plazaratu dituzte azken hilabeteotan sektore publikoan egindako grebetan. Sindikatuek, batetik, EHUri eskatu diote ez egiteko LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren «irakurketa hertsia». Izan ere, lege hori indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez diete osoko jarduna aitortzen, «ikerkuntzan eta kudeaketan ezin direlako aritu».

Otsailean Eva Ferreira errektorea unibertsitateen arloko Estatu idazkari Juan Cruz Cigudosarekin bildu zen, eta LOSUren 80. artikulua aldatzeko eskatu zion, era horretan ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatu ahal izateko. Dena dela, sindikatuek nabarmendu dute legeak berak modua ematen duela ordezko irakasleek lanaldi osoak izateko: «Legeak berak ere ezartzen du salbuespen bat: lan horiek egin daitezke baldin eta irakaskuntzarekin lotuta badaude. Horren arabera, uste dugu ordezko langileak lanaldi osoan kontratatu daitezkeela, irakasle ordezkoek irakaskuntzari lotutako ikerkuntza eta kudeaketa lanak egiten baitituzte. Gainera, [Espainiako] estatuko beste unibertsitate batzuek horrela egiten dute; adibidez, Granadako Unibertsitateak».

Bestalde, gogorarazi dute ordezko irakasleen soldatak «miseriazkoak» direla: 400 eta 800 euro artekoak. «Askotan esan dugun moduan, arazo honen erroa EHUren finantzaketa ez-nahikoan datza», gaitzetsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.