EHUko irakasle eta ikertzaileen grebak jarraipen «zabala» izan duela esan dute

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek egin dute deia, irakasleen eta ikertzaileen «prekarizazioa» salatzeko. Adierazi dute zenbait fakultatetan jarduna ia erabat eten dela, eta protestak egin dituzte hiriburuetan.

Irakasleak eta ikertzaileak protestan, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irakasle eta ikertzaileak protestan, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 6a
14:00
Entzun

Otsailaren 15ean egin zuten iragarpena: LAB, ELA eta Steilas sindikatuek bat egin zuten EHUko langileak grebara deitzeko. Gaur da lehen greba eguna, irakasleak eta ikertzaileak daude deituta lana uztera, eta martxoaren 12rako ere eginda daukate deia: EHUko langile guztientzat izango da hura. Irakasleen eta ikertzaileen «prekarizazioaren» kontra ari dira protestan. Gaur goizean goiz piketeak egin dituzte, eta elkarretaratzeak egin dituzte gero, hiriburuetan. Grebak oihartzun handia izan duela adierazi dute langileek protesta horietan: «EHUko campus guztietan grebak oso erantzun zabala izan du».

Onartu dute ikastegi guztietan erantzuna ez dela iguala izan, baina «aktibitate akademikoa» oro har oso eskasa izan dela. Gogora ekarri dute udazkenean ere egin zituztela mobilizazioak, eta greba bat ere bai: urriaren 11n izan zen. Donostiako protestan, LABen izenean, Jon Ander Elorriagak hartu du hitzak. EHUk «egiturazko» arazoak dituela esan du, eta udazkeneko mobilizaziotatik instituzioek ez dutela mugimendurik egin horiek bideratzeko. Horregatik, eskaria berritu nahi izan dute: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu finantzaketa handitzeko, eta irakasle eta ikertzaileen soldatak arautzen dituen dekretua aldatzeko; unibertsitateari, berriz, prekaritatea bukatzeko, eta langileek urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, eta lan kargak ere arintzeko».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzak Sailak egindako bilera eskariei erantzun ere ez diela egin jakinarazi du Elorriagak. Gainerakoan ere elkarrizketak antzuak izan dira. «Errektoreordearekin bilerak egin ditugu, baina ez gara inora heldu; adabakiak besterik ez dizkigute eskaintzen, benetako arazoei heldu gabe», salatu du. Aurrerantzean ere bilerak egiteko asmoa dutela esan du, eta Hezkuntza Sailarekin batzartzeko ahaleginak egingo dituztela.

Sindikatuek ohartarazi dute langile kolektibo batzuen lan baldintzen «prekarizazioa» geroz eta larriagoa dela, eta finantzaketa falta dagoela arazoaren erroan. Aldarrikapen nagusien artean dago Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez zaiela osoko jarduna aitortzen, eta «miseriazko soldatak» ordaintzen dizkietela. Elorriagak ere nabarmendu nahi izan du gaur arazo horren larritasuna, eta deitoratu du muineko motiboa EHUk legearen inguruan egindako irakurketa «hertsia» dela. «Madrilen aldaketa normatibo bat egiteak igual konpon dezake gaia, baina arazoa da unibertsitateak egin duen interpretazioa». Ondorioak horra: kontratu horien bidez irakasleek gehienez 800 euro kobratzen dituzte.

Sindikatuek argi utzi dute, hala ere, irakasle ordezkoen egoera ez dela egun EHUn duten arazo bakarra. Askotarikoak dira aldarriak. «EHUko irakasle eta ikertzaileok urteak daramatzagu gure lan baldintzen okertzea pairatzen, eta nahikoa dela esan nahi dugu». EHUk erabaki askotan «aldebakartasunez» jokatu dutela salatu dute, eta langileen eskeak ez direla kontuan hartu. «Inposizioa» egotzi diete unibertsitate arduradunei. «Kalitatezko» unibertsitate baten alde ari direla esan dute langileen ordezkariek, eta kezka azaldu dute, iruditzen zaielako unibertsitate pribatuei «alfonbra gorria» jartzeko joera indarra hartzen ari dela.

Ildo horretan, eske zehatz bat dute finantzaketari begira: esan dute EAEko barne produktu gordinaren %0,4 bideratzen dela EHUra, eta 2030erako %1era heldu behar dela.

EHUko Prekarioen Koordinakundeak ohar bat atera du. Atxikimendu kanpaina bat bultzatu dute gaurko greba deiaren harira, eta jakinarazi dute sostengu zabala izan duela: «Lau egun eskasean EHUko ia laurehun irakasleren eta ikertzaileren babesa jaso du».

Haiek ere adierazi dute urrian egindako mobilizaziotatik hona ez dutela ikusi onerako aldaketarik. Irakasle egonkorren irakaskuntza «zama» handitu egin dela esan dute, adibidez, eta horri ez zaiola jarri konponbiderik; adierazi dute, esaterako, ordezkapen poltsak «agortu» egin direla. Arazoaren motiboetako bat, horra: soldata apalak onartzeko prest ez dauden langileek uko egiten diete lan eskaintzei, eta hutsuneak bete gabe geratzen dira. Koordinakunde horren arabera ere, irakasle ordezkoen lan baldintzak hobetzeko proposamenak jarri dira mahai gainean, egingarriak dira, baina «ezezkoa» eman zaie beti. «Errektoretzaren aldetik aldatu den gauza bakarra da kanpora begira mantendu nahi izan duen irudia».

Koordinakundeko ordezkariek nabarmendu dute Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ez dela «giltzarrapo» bat, eta konponbiderako egon daitezkeen bideak aintzat hartu behar direla. Hortik eskea: «Errektoretzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu itxikeria atzean utz dezatela eta ireki daitezela irakasle ordezkoen aferari eta unibertsitatean dauden beste gabezia batzuei buelta emateko balio dezaketen konponbideak negoziatzera».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.