EHU Euskal Herriko Unibertsitateak estatutu berriak ditu. Hala onartu zuen atzo, aho batez, klaustroak. Denera, 175 aldeko boto jaso ditu estatutu proposamenak. Estatutu berriek dakarten berrikuntza nabarmenena unibertsitateko klaustroaren eta gobernu kontseiluaren eraketaren aldaketa da. Hala, klaustroko kideak 243 izango dira -303 ziren orain arte-. Errektorea, idazkaria eta gerentea izango dira karguari eutsiko diotenak. Edorta Cobreros Estatutuak Garatzeko Batzordeko buruaren arabera, kopuru horrek klaustroa «erabilgarriagoa, probetxugarriagoa eta malguagoa» izatea ekarriko du.Gobernu Kontseiluak 47 kide izango ditu. Orain arte 36 zituen.
Estatutuak unibertsitateak onar dezakeen arau gorena dira, eta barne antolakuntza arautzen dute. EHUren azken estatutuak2003an onartu zituzten. Onartu berri diren estatutuen hasierako proiektua Estatutuak Garatzeko Batzordearen esku gelditu zen. Hain zuzen, batzorde hori klaustroak berak aukeratu zuen. Proiektua ekainean aurkeztu zuen batzordeak, eta zuzenketetarako epea ireki zuten. Guztira 167 zuzenketa aurkeztu ziren. Atzoko klaustroan, estatutuei jarritako zazpi zuzenketa eztabaidatu eta bozkatu ziren aldi berean. Klaustroak, baina, ez zuen bat bera ere onartu, eta, beraz, batzordeak hasieratik proposatutako testua bere horretan geratu zen.
Errektorearen hautaketan ere hainbat aldaketa izango dira. Araudi berrian jasotakoaren arabera, kontrako botorik eman gabe egingo da. Aldeko botoak eta boto zuriak eman ahal izango dira soilik. Aldeko botoen herenak baino gehiago lortzen dituena izendatuko dute errektore.
Araudi aldaketarekin «benetan pozik» dago Iñaki Goirizelaia errektorea. «Zorionak eman nahi dizkiot unibertsitateko komunitate osoari. Estatutu horiek, zalantzarik gabe, unibertsitatearen funtzionamendua hobetuko dute hainbat eta hainbat arlotan». Estatutuek beste hainbat berrikuntza ekarriko dituztela ere nabarmendu du Goirizelaiak: «Unibertsitateko komunitatea osatzen duten pertsona guztiei zenbait eginkizun eta eskubide komun aitortuko zaizkie, eta ikasleak ordezkatzeko organoek aitorpen handiagoa izango dute. Horretarako araudi bat egingo da».
Bestalde, unibertsitateko defendatzailearen jarduna arautzeko modua ere aldatuko dute, errazagoa izan dadin. Gainera, irakasleen eta ikertzaileen figura berriak arautuko dituzte. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak langile publikoen oinarrizko estatutura egokituko dituzte. EHUren nazioarteko proiekzioari arreta berezia jarriko diote: «Etorkizunean unibertsitate egitura berri bat sortzeko ateak irekiko dizkigu horrek».
Azken finean, Goirizelaiaren esanetan, estatutuen aldaketa eta eraberritzea «irakaskuntza eta ikerkuntza proiektuaren eraberritze zabala eta handia da; konplexua, baina batez ere asmo handiz eginikoa».
Ikasleen ordezkaritza
Atzoko klaustroan Lurgorri ikasle elkarteak aurkeztutako bi zuzenketa bozkatu ziren. Lurgorriren arabera, «bi zuzenketak unibertsitateko gobernuan, klaustroan eta gobernu kontseiluan ikasleen ordezkaritza handitzeko ziren». Bi zuzenketak, baina, atzera bota zituzten, Lurgorriren esanetan «Ikasle Abertzaleetako kideak ez zirelako bertan izan». Hogei kide dituzte egun klaustroan Ikasle Abertzaleek. Lurgorriren helburua, ikasleek %25eko ordezkaritza izatea zen. Azkenik, %22ko ordezkaritzarekin geratu dira.
Lurgorriren arabera, estatutuen aldaketa ona da, ikasleen ordezkaritzak malgutasun handiagoa izango duelako besteren artean.
EHUko klaustroak ordezkari gutxiago izango ditu, eta gobernuak, gehiago
Unibertsitatearen estatutu berriak onartu dituzte; tartean, errektorea hautatzeko modua aldatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu