Eredu hirueleduna ezartzeko bigarren saioan 60 ikastetxe inguru sartuko dira datorren ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, eta ikasturte honen hasieran abiarazitako 40 egitasmoak gehituz gero, ehun saio martxan izango dira 2011-2012ko ikasturtean. «Ikastetxe kopuru interesgarria da ebaluazioa egin eta behin betiko proposamena egin ahal izateko», azaldu du Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.
Eskola publikoan hezkuntza hirueleduna garatzen jarraitzeko deialdia zabalik egongo da apirilaren 15era arte, eta gutxienez hogei ikastetxek parte hartuko dute bertan. Itunpeko ikastetxeei dagokienez, gutxieneko kopurua 27 ikastetxetan jarri dute. Dena den, gutxieneko maila horiek gaindituko diren itxaropena du Zelaak;horregatik espero du datorren ikasturtean ehun ikastegi inguru egotea eredua ezartzeko proiektuan murgilduta.
Eredu hirueleduna ezartzeko lehen saioan ikastetxe publikoak zein itunpekoak sartu ziren, ezberdintasunik egin gabe. Datorren ikasturtean abiaraziko diren saioen deialdian, Jaurlaritzak ezberdindu egin ditu eskola publikoa eta itunpeko ikastetxeak.
Itunpekoentzako deialdia
Ikastetxe publikoentzako deialdia aurreko ikasturtearen modukoa da, aldaketa gutxi batzuk baino ez ditu. Itunpeko ikastetxeentzat egindako deialdiak aldeak ditu, ordea. Ildo horretan, eredu hirueleduna eta irakasleen prestakuntza sustatzeko protokoloa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta itunpeko ikastetxeen patronal denek: Euskal Herriko Ikastolen Europako Kooperatibak, IZEAk, Eusko Ikastola Batzak, Ikasgiltzak eta Kristau Eskolak-ek.
Protokolo horretan gutxieneko betebeharrak zehaztu dituzte, baina hortik aurrera itunpeko ikastetxeek askatasuna izango dute haien egitasmoak garatzeko. Gutxieneko horien bitartezerraztu egin nahi da itunpeko ikastetxeek marko hirueledunaren barnean garatutako egitasmoak ikastetxe publikoetakoekin alderatzea. Egitasmoak Lehen Hezkuntzako 4. mailan edota DBHko lehen mailan jarri beharko dituzte martxan; euskarak, gaztelaniak eta ingelesak ikasgai eta ikasbide izan behar dute, eta hizkuntza bakoitzeko astero, gutxienez, bost ordu eman beharko dituzte Lehen Hezkuntzan eta sei DBHn.
Irakasleen prestakuntza indartu nahi izan dute protokolo horren bitartez. Patronal bakoitzak egingo dituen jardueren inguruko plan zehatza aurkeztu beharko dio Hezkuntza Sailari apirilaren 29a baino lehen. Irakasleen %9k hartu beharko dute parte, gutxienez, eta edukiak atzerriko hizkuntzan eman ahal izateko, B.2 maila egiaztatu beharko dute.
1,5 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak protokolorako; 800.000 euro prestakuntzarako eta 732.000 euro ereduaren sustapenerako. Dirua patronal bakoitzeko itunpeko ikastetxeen eta unitateen arabera banatuko da.
Ehun eskola ariko dira datorren ikasturtean EAEn hiru eleko ereduan
Hautu hirueleduna sustatu eta trebakuntza laguntzeko hitzarmena sinatu du Isabel Zelaak itunpeko sarearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu