Sastraka gaztetxea

Ehunka lagun batu dira Sastraka gaztetxearen alde

Salatu dute gertatutakoa «arraroa» dela. Gaztetxetik joan eta ordu laurdenera jaso zuten abisua, eta pintaketa «oso arraroak» izan dira. Auzokide batzuek jendea ikusi zuten eraikinera sartzen.

Sua, gauean. @SASTRAKAGAZTETX
2020ko abuztuaren 25a
10:03
Entzun

Bart gauean sua piztu da Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka gaztetxean, Sotera de Mier kalean. Garai batean Karmengo Ama eskola izan zen eraikinean dago gaztetxea uztailetik, orduan okupatu baitzuten, eta gaztetxekoek sare sozialetan iradoki dute nahita piztutako sua dela. Suhiltzaileek gauean itzali dute sutea, baina goizean berriro piztu da, SOS Deiak-ek Twitterren azaldu duenez. Gertatutakoa salatzeko, manifestaldi bat egin dute arratsaldean, eta ehunka lagun batu dira Portugaleteko kaleetan.

Sua 22:00 inguruan piztu da, kaperan. Gaztetxeko gazteek ireki dizkiete ateak, sartzeko, eta hainbat ordu behar izan dituzte itzaltzeko.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oso egoera «arraroa» izan da bizi izandakoa. Atzo 21:30ean irten ziren eraikinetik, eta ordu laurdenera jaso zuten sutearen abisua. Suhiltzaileei ateak zabaldu zizkieten, eta, barrura sartzean, suteaz gain, beste eraso batzuk ere ikusi zituzten: «Sartu ginenean pintaketaz josita zegoen kanpoaldea, pintaketa oso arraroak ziren, gainera».

«Eraikineko kaperan egurrez egindako estruktura bat dago, eta bertan koltxoi batzuei eman zieten sua. Ez daukagu inolako dudarik nahita piztu dutela», adierazi dute gaztetxeko kideek. Auzokide batzuek  azaldu dute gaztetxearen inguruan jendea ikusi zutela, eta eraikinera salto egiten ikusi zituztela.

Suteak sortutako kalteei erreparatuz, kapera izan da eraginik latzenak jasan dituen zatia. Gaztetxeko kideek azaldu dute gainerako atalek ez dituztela «kalte handiak» eduki, eta uste dute eraikinaren egitura «ondo dagoela».

Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa egin dute egoerari buruzko azalpenak emateko. Kontatu dute oraintxe «nazka, amorrua, inpotentzia eta mina» sentitzen dutela, eta eskerrak eman dizkiete «babesa eta ardura» adierazi dieten guztiei. Sutea nahita piztu dela esateko «froga irmoak» dituztela gehitu dute; hala nola pintaketak eta suhiltzaileekin eduki dituzten «elkarrizketa informalak». Salatu dute «tamalez» lehenago ere antzeko egoerak bizi izan dituztela Portugaleten: «Ez da lehenengo aldia Portugaleten, interes ekonomiko eta espekulatiboak medio, halako ezaugarriak dituen eraikin batek su hartzen duela».

Nabarmendu dute oraindik «goiz» dela gertatutakoaren bertsio garbi bat eman ahal izateko, baina, adierazi dutenez, «okupazioa kriminalizatzeko sortu duten kanpainak» eragina eduki dezake gertatutakoan.

Alkatearen adierazpenak

Mikel Torres Portugaleteko alkateak adierazi du eraikin bat okupatzen denean «arriskuak» daudela. Egurrezko eraikina zen, eta Torresek nabarmendu du gaztetxeko kideekin hitz egin zuela arriskuaz. Gailu elektronikoekin «kontu handiz» ibiltzeko eskatu zien, baita instalazio elektrikoarekin ere, «zaharkituak eta erabilerarik gabe» zeudelako. Torresek «ezbehar» bat izan zela gehitu du, baina «zauriturik» ez izatean jarri du azpimarra, hori delako «garrantzitsuena».

Suaren jatorriaren inguruan, aipatu duenez, suhiltzaileen ikerketaren zain dago, eta erantsi du beste edozein «espekulaziok ez duela ezertarako balio». Fundazio bat da eraikinaren jabea, eta harekin harremanetan jarri nahian dabil alkatea, eta haiekin hitz egin ondoren erabakiko du eraikina eraitsi behar den ala ez.

Alkatearen adierazpenekin haserre azaldu dira gaztetxeko kideak: «Alkateak edozer esan dezake, baina badaki nahita piztutako sutea izan dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.