Errepika. Filipe Bidarten aldeko manifestazioak iazkoaren itxura guztiak ditu. Eguraldi ona da. Hotza Ð hori da desberdintasun handiena. IK-ko presoaren baldintzapeko askatasuna aldarrikatu zuten atzo ehunka lagunek. Iazko kopuru bertsua. Iazko hasiera leku bera, Baionako presondegia. Iazko helmuga bera, auzitegia. Iaz bezala, aurten ere epaileek Bidarten baldintzapeko askatasun eskaria aztertuko duten egunaren aitzineko larunbata da. Asteartean aztertuko dute Clairvauxko presondegian. Aurten ere, asteartean Baionako auzitegi aitzinean elkarretaratzea egiteko deialdia egin dute. Hitzordua, 19:00etan.
Hemezortzi urte preso dagoela. «Pagatua duk, eta kario. Aski da!», dio Mixel Bergouignanek. Bidartek mugarik gabeko lan kontratu bat eta bizilekua segurtatuak ditu, presondegitik ateratzen bada. «Ez genezake ulertu eta onartu bigarren ezezko bat», dio Battitt Ameztoik. «Aseak gara, bihotzak errabiaz hantuak, beti ezetz entzuteaz», oihu egin du auzitegi aitzinean. CRS anitzek eta furgonetek zaintzen duten auzitegiaren aitzinean.
Giza eskubideen eguna
Giza eskubideen nazioarteko eguna dela gogora ekarri du Ameztoik. «Parisen eta Madrilen politikari ttattardunen litaniak entzunen dira gaur: beren herrian giza eskubideak zaintzen dituztela eta beste herrietan errespetatu behar dituztela. Non dira giza eskubideak Parisen eta Madrilen? Guretzat ez dira, Filipe Bidartentzat ez dira, euskal presoentzat ez dira». «Legea zangopilatzen duten politikarien aurka altxatu» dira.
Filipe Aska komitearen ustez Bidartek askatua izateko baldintza guztiak betetzen ditu. «Puntu bat da ezezaguna, zein den frantses estatuaren nahikaria politikoa». Ameztoiek zehaztu du jadanik 4.000 lagunek izenpetu dutela Bidart aske uztearen aldeko petizioa. Horietatik 150 hautetsiak dira, sei kontseilari nagusi eta 36 auzapez, besteak beste. «Jakin dezatela Euskal Herrian Filipe herriko seme dugula», erran du goraki.Gizarte eragile eta talde politiko andana batek bat egin dute Filipe Bidart askatzeko eskaerarekin. AB, EA, EAJ eta Batasuneko kideak agertu dira manifestazioan. Iaz baino hautetsi askoz gutxiago, hala ere. Jean-Michel Galant da kontseilari nagusien ordezkari bakarra. Bestalde, Aralarrek prentsa oharra bidali du manifestazioarekin bat egiten duela jakinarazteko.Michel Bergouignanen hitzaldiak eman dio kutsu politikoa manifestazioari. Filipe Bidartek duela hogeita hamar urte Ipar Euskal Herri guztia «diruaren peko ezarria» zela salatu zuela gogora ekarri du. «Hire begi kolpea argia eta zorrotza zuan. Gure herriaren egoera ontsa ikertua huen. Errealitate hori da gaur egungo abertzaleen borrokaren zimendua», dio Bergouignanek. «Zutitu haiz, eta iratzarrarazi gaituk. Alor guztietan engaiatu haiz eta dena eman duk. Borrokatu haiz zutik, eta gelditu haiz zutik».
Ehunka lagun bildu dira Baionan Filipe Bidart askatzearen alde
IK-ko presoak 18 urte iragan ditu preso, eta etzi aztertuko dute baldintzapeko askatasun eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu