Ehunka lagunek «amnistia osoa» aldarrikatu dute Bilboko kaleetan

AEM amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak preso gaixoen alde gose greba egiten ari direnak babestu ditu

Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduaren manifestazioa, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ehunka lagun batu dira Bilboko kaleetan AEM amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak deitutako manifestaziora. Amnistia osoa zioen mezu bakarraren atzean egin dute Kale Nagusitik Arriaga plazarainoko ibilbidea, oihu eta aldarrikapenen artean. «Amnistiaren aldarriak indarrean jarraitzen duela erakusteko deitu dugu manifestaziora, eta garbi geratu da milaka pertsonak babesten dutela aldarri hau», adierazi du Sendoa Juradok.

Halaber, aipamen berezia egin diete espetxeetan txandakako gose greba egiten ari diren presoei: «Isilpean dagoen borroka da, eta, gaurkoan, amnistia aldarrikatzearekin batera, adierazi nahi dugu borroka hori babesten dugula, preso gaixoen askatasunaren alde borrokan ari direlako». Kasurako, Amnistia Garrasia Twitter kontuan atzo jakinarazi zuten Oskar Barreras presoak zazpigarren eguna zuela gose greban preso gaixoen askatasunaren alde. «Txandakako gose grebaren 96.a da harena».

Jende asko autobusez iritsi zen Bilboko manifestaziora. Antolatzaileek adierazi dutenez, ordea, hiriko sarbideetan Guardia Zibilak kontrolak jarri ditu, baina nabarmendu dute «oztopo» guztiei aurre eginda amnistiaren aldarria egin ahal izan dutela. Aldarrikapena ozena izan da, martxa guztian amnistiaren aldeko oihuak-eta errepikatu baitira: «Amnistia ez da negoziatzen», «presoak kalera, amnistia osoa», «gudariak dira, ez terroristak», «espetxeak apurtu», «preso gaixoak askatu» eta «amnistiarik gabe, bakerik ez», besteak beste.

Arriaga antzokiko plazara iritsita, bederatzi euskal presok manifestazioa babesteko bidalitako gutunak irakurri dituzte Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduko kideek. Patxi Ruiz presoak Huelvako (Espainia) espetxetik bidalitakoan, esaterako, «duintasuna berreskuratzea herriaren ardura» dela adierazi du. Edo Cabo Verden deportatua dagoen Emilio Marigortak esan du «garaiak aldatu diren arren errepresioak jarraitu» egiten duela, eta horregatik dela zilegia oraindik amnistiaren aldarrikapena egiten segitzea.

AEMko kideek irakurritako komunikatuan ideia hori nabarmendu dute. «Guretzat, amnistia hitzak bizi dugun gatazka politikoaren ondorioak gainditzea baino askoz esanahi zabalagoa dauka; indarraren bitartez okupatutako herria da gurea, armen bidez zanpatutakoa. Horregatik defendatzen dugu euskal errepresaliatuentzako amnistia». Horregatik, «terroristak» sakabanaketa politikak diseinatzen dituztenak direla salatu dute mugimenduko kideek.

Hil berri den Fidel Castro ere gogoan hartu dute manifestazioan, eta gogorarazi Kubako iraultza ere borroka armatu batean oinarritu zela. Castroren esaldi ezagunenetako bat oinarri hartu dute historiak euskal presoak ere absolbituko dituela esateko.

Saul Curto aske geratu da

Saul Curto euskal presoa aske geratu da Madrilen, Barajasko aireportuan, lau urteko espetxealdiaren ostean. Bilbotarra da, eta 2012ko urrian atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Puy de Dome departamenduan; ordutik preso egon da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.