Iragan asteko polizia operazioa ozen salatu zuten atzo ehunka lagunek Iruñeko kaleetan egindako manifestazioan. Amaieran, manifestazio deialdiari babesa eman dioten eragile politiko, sindikal eta sozialen izenean, Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Nestor Salaberriak Espainiako Gobernuari eskatu zion jazarpena amaitu dezala. Agirian agertu zuenez, Euskal Herriko sektore zabal batek prozesu demokratiko bat garatzeko apustua egin du, baina «gobernuak bide polizialarekin jarraitzeko apustua erakutsi du». Eskubide urraketak amaitzea eskatu zuen; hala nola inkomunikazioa eta legez kanporatzeak ahalbidetzen dituzten legeak indargabetzea.
Gazteluko plazatik atera zen manifestazioa, 17:45ean; lehen lerroan azken operazioan atxilotutako bederatzi lagunen senideak zihoazen, prozesu demokratiko baten alde, errepresiorik ez zioen pankartari helduta. Manifestazioan parte hartu zuten, besteak beste, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak, Koldo Amezketa EAko presidente ohiak,Aritz Romeo Aralarreko kideak eta Patxi Urrutia ezker abertzaleko kideak.
Amaieran, Jose Mari Compainsek, Eneko Compains atxilotuaren aitak, beste agiri bat irakurri zuen senideen izenean. Bertan gogor salatu zuen euren seme-alaben babesgabetasuna, iragan asteburuan espetxera bisitatzera joan zirenean aurpegian «torturaren aztarna» oraindik ere nabari baitzitzaien: «Egunero demokraziaz hitz egiten duten horiek, XXI. mende honetan, ahalbidetu egiten dute militante politikoak atxilotzea eta torturatzea».
Atxilotuen lana goraipatu zuen: «Bakea lortzearen alde lan egiten dute, eta ez dira filmeko gaiztoak, hala saldu nahi izan badigute ere». Azkenik, manifestazioko parte-hartzaileei helarazi die atxilotuek «lasaitasun eta animo» mezua igorri nahi izan dutela espetxetik. «Lasaitasuna, bidea luzea eta gogorra delako. Estatua indartsua eta boteretsua da, baina herri oso baten borondatea hautsiezina da, eta lortuko dugu bakea eta askatasuna ekartzea».
Ehunka lagunek jazarpena gerarazteko eskatu diote Iruñean Madrilgo gobernuari
Eneko Compainsen aitak kritikatu egin du «demokraziaz hitz egiten dutenek» tortura ahalbidetzea gaur egun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu