«Alkate gisa halako mezuak gaitzesten ditut, batetik, ez dutelako Eibarko udaltzainen kolektiboa ordezkatzen, eta, bestetik, egunero egiten duten lana zikintzeko soilik balio dutelako». Hala idatzi zuen atzo Twitterren Jon Iraola Eibarko alkateak (PSE-EE), sareetan zabaldu zen irudi baten inguruan.
Han, Eibarko udaltzain bat ageri da, laneko uniformearekin, eskuetan «Lukas 6:30: eskatzen duen guztiari, eman» dioen katilu batekin.
Holako munipak ditxugu Eibarren, benetan lotsagarria eta beldurgarria😤#munizipaioakpic.twitter.com/VMKiqBKbqq
— peru alberdi (@p_alberdi) May 11, 2021
Argazkia eta haren mezua gaitzesteaz gain, Iraolak jakinarazi zuen gertatutakoa argitu nahian dabiltzala, eta hartu beharreko neurriak hartuko dituztela: «Gertatutakoa ez da berriz gertatuko, eta ahal dugun guztia egingo dugu hori horrela izan dadin», idatzi zuen.
Irudiko katilua Ertzaintzari buruzko Instagrameko @ertzaintzaa kontuak sustatutakoa da, eta ohikoa da zenbait polizia taldetako kideek Eibarkoaren moduko argazkiak bidaltzea kontu horretara. Besteak beste, ertzainen, udaltzainen, mossoen, espainiako polizien eta guardia zibilen argazkiak ageri dira kontu horretan. Hamabi mila jarraitzailetik gora ditu.
Katiluaren aurreko aldea da irudian ageri dena, eta atzeko aldean, Ertzaintzaren haritz hosto batez gain, hala dio: «Nire etsaiak izan daitezela indartsuak eta ausartak, nik ez dezadan damurik sentitu haiek garaitzean».
Ebangelioa eta polizia
Baina zer da katiluak dioen «Lukas 6:30» hori? Bibliari egiten dio erreferentzia, eta sareetan eskuin muturreko politikariek erabili izan dute. Zehazki, Bibliako pasarte horrek honela dio: «Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi». Beraz, ondoriozta daiteke testuingurutik kanpo erabilitako esaldi bat dela poliziek darabiltena.
Mi oración: volved esta noche a vuestras casas sin un sólo rasguño. Buen servicio. pic.twitter.com/WhAcCs3bXA
— Macarena Olona (@Macarena_Olona) February 17, 2021